AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Greba mugagabean jarraitzen dute Iruñeko Sephorako langileek
Lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen kolektibo bat lortzea helburu, Sephoraren Nafarroako dendetako langileek greba hasi zuten otsailean. Maiatzean berrartu zuten borrokaldia, eta otsailean egin bezala, ostegunero, ostiralero eta larunbatero egiten dituzte lanuzteak. Salatu dute enpresak grebalariak ordezkatu dituela, modu ilegalean.
2020eko ekainaren 17
Greba mugagabean jarraitzen dute Iruñeko Sephorako langileek

Greba mugagabean segitzen dute Sephora enpresako Nafarroako langileek, "hitzarmen duin baten alde". Otsailean ekin zioten grebari, eta konfinamendu garaian borrokaldia eten beste aukerarik izan ez bazuten ere, greba berrartu zuten maiatzaren erdialdean. Otsailean egin bezala, ostegunero, ostiralero eta larunbatero egingo dituzte lanuzteak beharginek, modu mugagabean. Iruñeko Carlos III kaleko nahiz La Morea saltoki-guneko langileek hartuko dute parte.

Azaldu dutenez, lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen kolektibo bat lortzea da helburua. Izan ere, lurrin dendetako estatu mailako hitzarmenak soldata aski baxuak ezartzen dituela salatu dute, eta lan kontratuei dagokienez, partzialak dira nagusi.

ELA sindikatuak maiatzean adierazi zuen "jarrera autoritarioa" mantentzen duela enpresak, eta besteak beste, greban dauden langileak modu ilegalean ordezkatu izana egotzi dio. Hain zuzen, Carlos III kaleko dendan lanuztea egiten ari ziren beharginen txanda betetzen saiatu izana leporatu dio sindikatuak Sephorari.