Greba mugagabean daude Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoan (IAT), "hitzarmen duin baten alde". Ekainaren bukaeratik hona hiru lanuzte egin ondoren, greba mugagabera jo zuten atzo bi lantegietako plantillek: izan ere, salatu dute blokeatuta dagoela enpresako hitzarmena berritzeko negoziazioa. Mobilizazioekin jarraitzen dute: atzo Bergaran egin zuten auto-karabana bat, eta gaur Zarautzen egongo dira elkarretaratuta goiz osoan zehar.
ITASUA enpresarentzat jarduten dute soldatapean, baina Gipuzkoako gainerako zentroetan baino baldintza okerragoak dituzte: 133 ordu gehiago lan egin arren, askoz ere gutxiago kobratzen dute; kasu batzuetan, 8.000 eurorainokoa da aldea. Horiek horrela, euren lan-baldintzak Gipuzkoako beste zentroetakoekin parekatzea eskatzen dute Zarauzko eta Bergarako lantokietako beharginek.
ITASUAk hiru IAT zentro ditu Euskal Herrian: Bergaran, Zarautzen eta Gasteizen. ELAren eta LABen esanetan, azken negoziaketan "Gipuzkoarentzat nahikoak ez ziren lan-baldintzak onartu zituzten" Gasteizko langileek. Horiek horrela, borrokari ekin diote Gipuzkoako bi zentro horietako plantillek, euren lan-baldintzen defentsan.
Gaur goizean langileetako batek GEDAR LANGILE KAZETAri azaldu dionez, Bergarako lantegian jarduera etetea lortu dute grebari esker, baina Zarautzen hori ekidin du enpresako zuzendaritzak, grebalariak ordezkatzeko langile bat kontratatuz: mugimendu horren legezkotasuna zalantzan jarri dute langilen-batzordetik. Hiru hilabeteko lan-kontratu bat egin diote momentuz behargin berri horri, eta bere bidez mantentzen dute zabalik Zarauzko IAT zentroa: gaur goizean, plantilla parean zela ireki dute hura, baina nabarmenak ziren kotxeen ilarak. Greban dauden langileek adierazi dute borrokan jarraituko dutela.