Joan den astelehenean, maiatzaren 11n, greba mugagabera jo zuten Aguraingo (Araba) Decons enpresako langileek. Euren lan-baldintzak hobetu eta blindatuko dituen lan-hitzarmen propio bat exijitzen dute, urtebete baino gehiago igaro baita itunari buruzko negoziazioa hasi zenetik, eta oraindik ez dago akordiorik.
Gaur egun, estatu mailako hitzarmen bat ezartzen die enpresak, hondakinen eta lehengaien berreskuratzeari eta birziklatzeari buruzkoa hain zuzen ere. ELA sindikatuak salatzen du, ordea, hura ez dela nahikoa: beharginek 1.770 lanordutik gora egiten dituzte urtean eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldatara nekez iristen diren soldatak jasotzen dituzte, besteak beste. Horiek horrela, hitzarmen propio bat eskatzen dute, lanordu kopuru altuari eta soldata baxuei aurre egiteaz gain (lanaldia progresiboki jaistea proposatzen dute, astean 37,5ekoa izan dadin, eta soldata-taulak eguneratuz igoerak lortzea), beste zenbait lan-baldintza hobetuko dituena: aldaketak bajak hobeto ordezkatzeko, toxikotasunari lotutako osagarriak...