Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hirugarren graduan sartu zuen Asier Arzalluz euskal presoa, baina erabaki horren aurkako helegite bat aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak, argudiatuta denbora behar dela erregimen berri horren "eraginkortasuna" egiaztatzeko. Epaitegi Zentralak helegite hori onartzean, hirugarren gradutik atera eta gradu erregresioa ezarriko diote Arzalluzi, orain arteko erregimenean kartzelaratuz.
2002an atxilotu zuten Frantziako Estatuan, eta han kartzelaratu zuten lehenengo. Espainiako Estatura estraditatu ostean, 2009an espetxeratu zuten Espainiako agintaritzek. Hainbatetan kondenatu dute, azkenekoz 2024an; 30 urteko zigorra jarri zioten. Kartzelatik 2030ean irtetea dago aurreikusita.
EAEko espetxeetan gatibu dauden euskal presoak etengabe jasaten ari dira gradu erregresioak, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak ipinitako helegiteak tarteko. Enegarren kasua da Arzalluzena; iazko azaroan, esaterako, Gurutz Agirresarobe, Itziar Alberdi eta Josu Narbaez preso politikoak itzularazi zituzten aurreko erregimenera, Covitek ere hala eskatuta.