AKTUALITATEA / Soldata sistema
Glovok uko egin nahi dio 10.600 langileren egoera erregularizatzeari
Lan Ikuskaritzak ebatzi du Glovoren menpe dauden "autonomo faltsuak" direla Bartzelonako eta Valentziako ia 11.000 behargin, eta lan-kontratu bat izan beharko luketela. Hala, haien lan-egoera legeztatzera eta 79.000 euroko isun bat ordaintzera zigortu du enpresa, baina zuzendaritzak esan du helegiteak aurkeztuko dituela.
2022eko irailaren 22
Glovok uko egin nahi dio 10.600 langileren egoera erregularizatzeari
— ARGAZKIA Crónica Global/El Español

Atzo atera zen argitara zer ebatzi duen Lan Ikuskaritzak Glovoko 10.600 langileri dagokionez; Bartzelonan eta Valentzian aritzen dira banatzaile modura, Glovoren izenpean. Ikuskaritzak ebatzi du rider horien lan-eskubideak urratu dituela enpresak, eta "autonomo faltsuak" direla, enpresak etengabe autonomotzat jo dituen arren. Hala, langile horiek Glovoren menpe daudela eta, beraz, enpresak egindako lan-kontratu bat izan beharko luketela dio Ikuskaritzak, eta haien egoera erregularizatu eta legeztatu egin behar dela erabaki du. Horretaz gain, 79.000 euroko isun bat jarri dio Glovori.

Espainiako Gobernuaren esanetan, enpresak "trabak jarri" dizkio Ikuskaritzari; 2018. eta 2021. urteen arteko jarduna ikertu du. Badirudi, gainera, Glovok uko egin nahi diola ebazpena betetzeari: adierazi du "aldebakarrekoa" dela ebazpena eta "bere helegiteak aurkeztu behar" dituela enpresak.

Beste hamaika tokitan ere "autonomo faltsu" direlakoen bidez eramaten du aurrera bere jarduna Glovok. 2021eko abuztuan Rider Legea deiturikoa sartu zen indarrean Espainiako Estatuan; lege horren arabera, banaketa-plataforma digitalek soldatapeko modura kontratatu behar dituzte haientzat aritzen diren banatzaileak.