AKTUALITATEA / Soldata sistema
Gipuzkoan, Jack&Jonesek greba-eskubidea urratu duela aitortu du epaitegi batek
Garbera eta Urbil merkataritza-guneetako langileen lanuzteak oztopatu zituen enpresak, lekualdaketekin eta ordutegi-aldaketekin.
2025eko uztailaren 17
Gipuzkoan, Jack&Jonesek greba-eskubidea urratu duela aitortu du epaitegi batek

Bestseller Españak, Jack&Jones arropa-markaren jabea den enpresak, langileen greba egiteko eskubidea urratu zuen Gipuzkoan iaz. Hala ebatzi du Donostiako (Gipuzkoa) epaitegi batek, eta aipatutako konpainiak kalte-ordainak eman beharko dizkie grebalariei eta auzitegietan demanda jarri zuen sindikatuari, ELA.

Zehazki, Donostiako Garbera eta Usurbilgo Urbil merkataritza-guneetan urratu zituzten grebalarien eskubideak. Gipuzkoako arropa eta zapata denda ugaritan izan ziren protestak eta lanuzteak iaz, Espainiako Estatuko marka handien lan-hitzarmenari ezetz esateko, baina otsailerako eta uztailerako deituriko lanuzte bana galarazten saiatu ziren Garberako eta Urbilgo Jack&Jones dendetako arduradunak: grebalarien postuak betetzeko, beste behargin batzuk tokialdatu edo haien ordutegiak aldatu zituzten.