AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Gipuzkoako eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek greba egingo dute martxoan
Otsailean hasitako lanuzteei eta mobilizazioei jarraipena emateko asmoz, beharginek grebara joko dute martxoaren 15etik 18ra. Soldatetako genero-arrakala salatu eta lan-baldintzetan hobekuntzak aldarrikatuko dituzte berriz.
2021eko martxoaren 5
Gipuzkoako eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek greba egingo dute martxoan

Sektore biziki feminizatua da eraikinetako eta lokaletako garbitzaileena, %80 baitira emakumeak. Aitzitik, aurkakoa gertatzen da kale-garbitzaileen sektorean, gizonezkoak baitira nabarmen. Horrekin lotuta, genero arteko soldata-arrakala salatu izan dute eraikinen eta lokalen garbiketako beharginek; izan ere, urtean 5.400 euroko soldata ezberdintasuna dago kale-garbitzaileen eta haien artean (plusak kontuan hartu gabe ere). Kale-garbitzaileek 23.183 euroko soldata duten bitartean, eraikinetako garbitzaileek 17.784 euroko soldata jasotzen dute.

Gipuzkoan 6.700 langile daude eraikinetako eta lokaletako garbiketa sektorean, eta horietatik 1.500ek dituzte enpresa hitzarmenak. Beste 5.000 langileei, aldiz, Gipuzkoako Hitzarmena ezartzen zaie. Akordio horrek jasotzen dituen baldintzak hobetzeko eta soldatetako genero-arrakalaren aurka mobilizatzen jarraituko dute beharginek, beraz.

Egungo krisiak egoera okertu duela ere jakinarazi dute garbitzaileek: pandemia hasi zenetik, oinarrizko jarduntzat jo da eraikinen eta lokalen garbiketa, eta sektoreko lana handitzea eragin du horrek. Dena den, gutxietsitako lan bat dela eta soldatan igoerarik ez dela egongo salatu dute langileek.