AKTUALITATEA / Euskal herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak
Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetako egitaraua osorik argitaratu dute jada
Maiatzaren 29tik 30era bitartean izango dira topaketak, Elorrion. Mahai-inguruak, tailerrak, hausnarketa-saioak eta orotariko emanaldiak egingo dituzte.
2026eko maiatzaren 4 - 06:05
Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketetako egitaraua osorik argitaratu dute jada

Aurrera doaz Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak antolatzeko lanak, asanblada irekien bidez. Hain zuzen ere, bi eguneko egitarau indartsu bat prestatu dute hilabete honen bukaerarako, eta osorik plazaratu dute jada. Azken hilabeteetan azaldu dutenez, "Gaztetxe eta Gazte Asanbladen saretzean aurrerapausoak ematea", "Gaztetxe eta Gazte Asanbladen komunitatea indartzea", "erronka zaharren zein berrien inguruan kolektiboki hausnartzea", eta "Gaztetxeen loraldia bultzatzea" dira topaketa nazionalen helburu nagusiak.

Ostirala: tailerrak, mahai-inguruak, azoka, ikuskizunak...

Maiatzaren 29an elkartuko dira Euskal Herri osoko gazteak, Elorrion (16:00etan izango da harrera), eta 18:00etan ekingo diete ekimenei: tailer eta mahai-inguru ugari egingo dituzte ordu horretan, hainbat jakintza eta auzi politiko jorratzeko. Tailerrei dagokienez, eskaintza zabala antolatu dute: okupazioa, street boulder, soinua, zibersegurtasuna, oinarrizko elektrizitatea, fanzineak, bertsoak, muralgintza, dance hall, antzerkia, joskintza eta boxeoa lantzeko aukera egongo da. Mahai-inguruei dagokienez, berriz, lau izango dira aldi berean: musika-kolektiboei buruzkoa, arriskuan dauden Gaztetxeei buruzkoa, Gaztetxeetako irakurle-taldeei buruzkoa eta euskararen aldeko borrokari buruzkoa.

Jarraian, 19:30etik aurrera, "azoka Gaztetxeroa" egongo da ikusgai Elorrion, Gaztetxeetatik eramandako askotariko materialarekin. Ke Lepok girotuko du azoka. Afaria 21:00etan izango da, eta horren osterako ere prestatu dituzte ekitaldiak: zirku-emanaldia eta Gaztetxeak Bertsotanen saioa. Ondoren, Maga Rude eta Meison arituko dira kontzertua eskaintzen.

Larunbata: hausnarketa kolektiboa, manifestazioa, kontzertua...

Hurrengo egunean, maiatzaren 30ean, goizeko 09:30ean izango da gosaria. 11:00etan jarraituko dute egitarauarekin, Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen jardunaren inguruko "hausnarketa kolektibo" batekin. Eguerdian Delkok jardungo du musika ipintzen, eta 15:00etan egingo dute bazkaria. Horren ostean La Ruina saio bat eta Arantxaren kantaldia izango dira, eta 19:00etan Elorrioko kaleak hartuko ditu topaketetara bertaratutako gazte andanak: manifestazioa egingo dute herrian barrena, Gaztetxeen alde. Ekitaldi politiko batekin emango diote amaiera mobilizazioari.

Larunbat gauean, zabala izango da musika-eskaintza: Skabidean, Mateo Zikuta eta El Garto, Maixa ta Malakias, Dena, Eztanda, Lee Kore eta Aurrez Aurrek emango dute kontzertua. Hainbat DJ ere arituko dira jarraian, hain justu, Xaukena Xauk, GR3M, DJZatzaz, Basajaun Sound System eta Mangualazo en el Regazo. Hurrengo egunean, maiatzaren 31n, eguerdiko 12:00etan hasiko dira desmuntatze-lanekin, eta horrekin bukatuko dira topaketak.