AKTUALITATEA / Langile kontrolpeko espazioak
Gaztetxe berria Errotxapean: Subegi
"Bost urteren ondoren Gaztetxe berria daukagu", azaldu du Arriaskok, Errotxapeko Gazte Langileen Asanbladak. Hainbat ekimen antolatu ditu astebururako: asanbladak, auzolanak, emanaldiak...
2026eko apirilaren 25 - 06:02
Gaztetxe berria Errotxapean: Subegi

Errotxapeko (Iruñerria, Nafarroa) Kuadrilen Egunak berri ederrak ekarri zituen atzo. Bazkariaren eta auzoan zehar egindako kalejiraren ondoren, auzoan ireki duten Gaztetxe berria aurkeztu zuten jendaurrean: Subegi Gaztetxea. Arga Ibaiaren zeharkalea eta Joaquin Beunza kalea gurutzatzen diren puntuan dago, eta Arriaskok, Errotxapeko Gazte Langileen Asanbladak, auzoan bost urtez Gaztetxerik gabe egon ostean eman du irekieraren berri, "kapitalismoari kontra egingo dion proiektu" gisa nabarmenduz. Asteak daramatzate espazioa egokitzen eta txukuntzen.

"Espazio hau gazte langileon artean eraiki eta eraldatu behar dugu", zioen atzo. Lehenengo ekimenak antolatu ditu jada Arriaskok, asteburu honetarako. Gaur, larunbatez, espazioa atontzen segitzeko auzolanean arituko dira bai goizean bai arratsaldean, eta lehenengo asanblada zabala egingo dute 18:30ean. Gero, iluntzean, Atrako Kriminal taldearen kontzertua izango dute. Bihar, igandez, auzolanekin jarraituko dute goizean zein arratsaldean, eta auzokideekin antolatu dute bilera bat 18:30erako. Afaria izango dute jarraian.

Tresna bat da Gaztetxea

"Gerra inperialista bizitzen ari garen honetan, krisi kapitalistaren ondorioak larriagoak bihurtu dira gazte langileontzat. Lan prekarioak, emantzipatzeko zailtasuna, kirola egiteko eta aisialditaz disfrutatzeko zailtasun ekonomikoak. Bitartean, gazteriaren artean ideia matxistak, arrazistak, klasistak eta orokorrean faxistak zabaltzen ari dira", azaldu du Arriaskok gaur egungo testuinguruari buruz. Uste du "horren aurka borrokatzen lagundu behar duen tresna" dela Gaztetxea; "gazteak elkartzeko, formatzeko eta kapitalismoaren logikatik kanpo antolatzeko proiektua". Gaineratu du espazioa "berpizten" jarraituko duela aurrerantzean, "gazteon interesak kontuan hartuta, beste gizarte-eredu bat bultzatzeko asmoz".

Bost urte Gaztetxerik gabe: Errotxapeako Gaztetxearen desalojoa 2021ean

2021eko urrian hustu eta eraitsi zuten Errotxapeko azkeneko Gaztetxea, prozesu judizial luze baten ondoren. Jendetzak egin zion aurre desalojoari, eta Polizia gogor oldartu zen haien aurka; sei pertsona atxilotu zituen (2022ko martxoan epaitu zituzten, zigor-eskaera altuekin). "Bost urteren ondoren Gaztetxe berria daukagu", aldarrikatu du orain Arriaskok, 2026an: "Aurreko belaunaldiko zenbait gaztek, gazte-belaunaldi berriekin batera, espazio berri bat aurkeztu dugu auzoan, Arriasko Gazte Langileon Asanbladatik". Horrekin, Euskal Herrian izaten ari den loraldian "aletxoa" jarri dute Iruñerritik.

"Hau ez da Iruñerrian ireki den lehenengo Gaztetxea eta ezin du azkena izan. Iruñerrian hamaika izan dira irekitako Gaztetxeak, batzuk indarrez desalojatuta eta beste batzuk gaur eguneraino bizirik dirautenak; Maravillas, Txantrea, Burlata eta Zizurko Esparru Gaztetxeak, besteak beste", ekarri du gogora Arriaskok. Seinalatu du "gazte askoren lan militante desinteresatuari esker eraiki" dituztela proiektu horiek eta "ekarpen handia egin diotela gazte langileon antolakuntza politikoari, antolakuntzaren eta borrokaren kultura Iruñerriko txoko guztietara zabalduz". "Arriaskok borroka-dinamika horri bere ekarpen xumea egin nahi dio, erabilerarik ez duen espazio honetan proiektu indartsu bat eraikiz eta Gaztetxeen aldeko dinamikara batuz", biribildu du asanbladak.