AKTUALITATEA / Palestina
Gazarantz doa Global Sumud Flotilla
Espedizio barrutik, zeharkaldia kontatuko digu Lino Figueroak, Atlantic Blue ontzidiko lehen ofizialak. Bera izango da 'Gedar' eta 'Diario Socialista'-ren korrespontsala.
2026eko apirilaren 16 - 19:15
Gazarantz doa Global Sumud Flotilla

Atlantic Blue ontziak, Global Sumud Flotillaren parte denak, Menorcako urak gainditu ditu jada Gazako kostalderako bidean. Hala jakinarazi die GEDAR LANGILE KAZETAri eta DIARIO SOCIALISTAri Lino Figueroak, ontziko lehen ofizial tolosarrak. Misioa joan den apirilaren 12an abiatu zen Bartzelonako portutik, eta Open Arms erakundearen ontziak lagunduta nabigatzen ari da, Israelgo Estatuak duela hemeretzi urtetik palestinarrei ezartzen dien setio militarra hausteko asmoz. 70 herrialdetako boluntarioak biltzen dituen mobilizazio zibil honek presentzia iraunkorra ezarri nahi du Gazako Zerrendan, mediku-taldeak, gerra-krimenen ikertzaileak eta oinarrizko azpiegiturak berreraikitzen adituak diren pertsonak lehorreratuz.

Atlantic Blue-ren ontzigainetik, Figueroak elkartasun mezu bat bidali die Bilbon atxilotutako hiru ekintzaileei: CAF enpresaren aurka protesta egiteagatik auzipetu dituzte, enpresak okupatutako Jerusalemgo tranbiaren proiektuan duen parte-hartzea salatzen baitute. "Inperialismoak erabiltzen dituen errepresio-molde guztien aurka gaude", dio ofizialak ontzigainetik. Blokeoa hautsi nahi duen itsas-erresistentzia internazionalista eta okupazioari esker aberasten diren konpainien aurkako borroka (CAFen aurkakoa kasu) lotu ditu, horrela.

Muturreko indarkeriako egoera batean hasi da espedizioa, 2023ko urrian okupazio-indarrek hasitako erasoaldi genozidaren ondoren. Dagoeneko 72.000 palestinar baino gehiago erail dituzte. Ontzidiko bozeramaile Pablo Castillak salatu zuen Israelek Libanoren eta Iranen aurka gauzatutako gorakada belikoak "kezko gortina" gisa funtzionatzen duela, setioa areagotzeko eta Palestinako asentamendu kolonialen hedapena azkartzeko. Mugimendu sozialen ekimenak Europako potentzien nazioarteko konplizitateari aurre egitea du helburu; izan ere, potentzia horiei esker, Palestinako lurralde-urak Israelen okupazio militarraren pean geratu dira, eta sendagaiak, elikagaiak eta oinarrizko hornidurak eskuratzea eragotzi dute. 

Global Sumud Flotillaren zeharkaldiak Israelgo Armadaren mehatxu zuzenari egin behar dio aurre, misio humanitarioen aurkako eraso hilgarriek osatzen baitute bere historia, 2010ean Mavi Marmararen aurka egindako sarraskia eta 2025eko maiatzean Conscience ontziaren aurka droneekin egindakoa barne. Nazioarteko uretan sionistek ekintzaile ugari atxilotu izan dituzten arren, antolatzaileek azpimarratu dute Gazako uren gaineko subiranotasuna "soilik herri palestinarrarena" dela. Balearretako artxipelagotik igaro ondoren, ontzidiak geldialdi bat egingo du Italian ontzi berriak batu daitezen, datozen asteetan Gazako kostaldera zuzenean sartzen saiatu aurretik.

Italiako Justiziaren presioa Israeli, aurreko misioagatik

Ontzidi berri honen aurrerapenarekin batera, Italiako Justiziak Tel Aviveko errepresio-aparatuaren aurkako presioa areagotu du. Contropiano egunkari italiarrak jakitera eman duenez, Erromako Fiskaltzak, Francesco Lo Voi prokuradoreak koordinatuta, 2025eko urriko misioari buruzko ikerketa zabaldu du, tortura eta lapurreta delituak aztertzeko. Stefano Opilio eta Lucia Lotti magistratuak ikertzen ari dira 36 ekintzaile eta parlamentari italiarrek jasotako tratua. Hain zuzen ere, nazioarteko uretan atxilotuak izan ondoren, indarkeria sistematikoa, janaria eta ura kentzea eta Israelen zaintzapean jasandako umiliazioak salatu zituzten. Fiskaltzak, halaber, okupazio-indarrei egotzi die telefonoak eta norberaren gauzak indarrez lapurtzea, bai eta ontziak bahitzea ere.

Ikerketa horrek indartu egiten du ontzidiak blokeoaren izaera kriminalari buruz egindako salaketa; eta aurreko ontziak Europar Batasunaren eskumeneko uretan "drone multzo baten jomuga" izan zireneko gertaerak berreraikitzen ari dira. Espedizio zibil berriak Gazarantz jarraitzen duen bitartean Israel korridore humanitario bat irekitzera behartzeko, Erromako Prokuradoretza nazioarteko erregu bat prestatzen ari da Israelen indarkeria horren erantzuleak identifikatzeko. Gainera, misioa eta mugimendu horiek Europako herrialde batzuen eta Israelen artean gero eta tentsio diplomatiko handiagoa dagoen une batean gertatzen ari dira, Italiako Gobernuak gizateriaren aurkako krimenen ebidentzien aurrean lankidetza militarraren memoranduma bertan behera uzteko hartutako erabakia eta erakunde sionistaren aurkako zigorrak eskatzen dituen milioi bat sinadura baino gehiagoko eskaera europar bat tarteko.