AKTUALITATEA / Jazarpen politikoa
Gasteizko Txosna Batzordeari bilera bat eskatu diote GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, aterabide bat adosteko
"Gasteizko jai herrikoien parte izatea eta txosna bat jartzea da gure helburua", argitu dute Mugimendu Sozialistako antolakundeek. "Irtenbide bat adosteko prestutasun osoa" erakutsi dute berriz, "beste eragile politikoek dituzten espazio eta eskubide berak" aldarrikatuz.
2026eko ekainaren 18 - 09:56
Gasteizko Txosna Batzordeari bilera bat eskatu diote GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, aterabide bat adosteko

Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu dute gero eta gertuago daudela Andre Mari Zuriaren Jaiak eta txosnetako beto politikoaren auziak bere horretan jarraitzen duela: txosna jartzea debekatzen die bi antolakundeei Gasteizko Txosna Batzordeak. Mugimendu Sozialistako eragileek azaldu dutenez, gaiari "erabilera alderdikoia eta oportunista emateko saiakerak" izan dira azken asteetan, eta horren adibidetzat jarri dituzte Bingen Zupiriaren hitzak. Izan ere, betoaren aurka dagoela esanez, Poliziak txosnagunean tokia izan behar duela aldarrikatzeko aprobetxatu du testuingurua Segurtasun sailburuak. Manipulazio hori gogor gaitzetsi dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Azpimarratu dute, hala, egoerak ez diola "inori mesede egiten", "ez Txosna Batzordeari, ez GKSri eta sindikatuari, ez jai herrikoiei ere". Horiek horrela, auziari "behingoz" aterabide bat ematera deitu dute berriz. "Gasteizko jai herrikoien parte izatea eta txosna bat jartzea da gure helburua", gaineratu dute.

Komunikabideetan zabaldu diren mezuak gezurtatuz, Mugimendu Sozialistako antolakundeek argi utzi dute "Txosna Batzordearen arau eta irizpide guztiak onartzen" dituztela: "Horien artean daude protokolo feminista, txanda kolektiboak, lan-banaketa orokorrak eta gainerako eragileek egiten dituzten lanak". Beraz, "beste eragile politikoek dituzten espazio eta eskubide berak" eskatu dituzte, "txosnagunearen parte izateko".

"Irtenbide bat adosteko prestutasun osoa" erakutsi dute beste urte batez, eta "egoera bideratzeko eta aterabide bat lortzeko asmoz", bilera bat eskatu diote Gasteizko Txosna Batzordeari; bai sare sozialetatik, bai gutun bidez. "Elkarrekin hitz egitea eta txosnen auzia gainditzea" da GKSren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren asmoa.

Berriki, idatzi bat sinatu dute herri-mugimenduko hainbat kidek, Txosna Batzordeak GKSri eta sindikatuari ezarritako betoa salatuz. Euskal Herriko 450 kulturgilek ere argitaratu dute adierazpen bat, Mugimendu Sozialistari Gasteizen nahiz Bilbon jartzen dieten debekua gaitzesteko.