Gasteizko Ostalaritzako Langile Asanbladak (OLA) protesta bat egin zuen atzo eguerdian Sofia kalean, Salburua auzoko Iceberg tabernako kaleratze ilegalak eta beharginen aurkako gehiegikeriak salatzeko. Urtarrilean eta otsailean, bi langile kaleratu zituzten bertan modu bidegabean, OLAk azaldu duenez; eta hirugarren batek lana utzi behar izan zuen "lan-baldintza guztiz lotsagarriak izateagatik". "Jada bide judizialean dauden bi legez kanpoko kaleratze horiek babesgabe uzten dute, alde batetik, hainbat urtez sukaldeko arduraduna izan zen langilea, jubilaziorako urtebeteren faltan; eta, beste alde batetik, tabernako arduradun gisa lan egin zuen langilea, gaixotasun-bajan egonda kaleratua izan zena", laburbildu du langile-asanbladak. Icebergek gauzatutako legez kanpoko kaleratzeak, abusuzko lan-baldintzak eta askotariko jazarpena seinalatu ditu; besteak beste, langileen kontrako jazarpen sexuala.
Urtarrileko eta otsaileko kaleratzeak "zerrenda luze bateko" azkenak direla ohartaraziz, "enpresaren praktika onartezinak elkarrekin salatzea" erabaki dute bertako hainbat beharginek. Azaldu dute Icebergen sektoreko hitzarmena urratua izan dela; "ordutegiak atzerapenekin" jakinarazi dizkietela; "gehiegizko lan-karga" izan dutela; nominak eta bestelako dokumentuak ezkutatu dizkietela; aparteko ordu ugari egin dituztela kobratu gabe, eta abar luze bat. Gainera, "mehatxuak, muturreko kontrola eta hainbat langileren aurkako jazarpen sexual errepikatu eta zigorgabean oinarritutako dinamika argi bat" jasan dute, OLAk gaitzetsi duenez.
"Lan-esplotazio hau ez da kasu isolatu bat, ostalaritzako sektorean ohikoak diren praktika enpresarialak dira", nabarmendu du asanbladak. "Eskubideen urraketa sistematikoa" jasaten dutela eta"enpresari handi, ertain edo txikiek" hori "errealitate eztabaidaezin gisa onartzera behartu nahi" dituztela seinalatu dute, gaitzetsiz "haiek aberasten diren bitartean prekaritatera kondenatzen" dituztela langileak. Dei egin diete beharginei batzera eta antolatzera, ostalaritzako abusuei aurre egiteko.