AKTUALITATEA / Autoritarismoa
Gasteizen sartu da Espainiako Armada, "jende pilaketak ekiditeko eta instalazioak desinfektatzeko"
Covid-19 birusaren hedapena dela-eta Espainiako Estatuak ezarritako alarma egoeraren harira, Gasteizen eta estatuko beste 27 hiritan esku hartu du Espainiako Armadak. Arakako baseko militarrak sartu dira Araban, azaldu dutenez, "jende pilaketak ekiditeko eta instalazioak desinfektatzeko".
2020eko martxoaren 17
Gasteizen sartu da Espainiako Armada, "jende pilaketak ekiditeko eta instalazioak desinfektatzeko"

Gaur, martxoak 17, Gasteizen (Araba) zabaldu da Espainiako Armada. Covid-19 birusaren kutsatzea dela-eta Espainiako Estatuak ezarritako alarma egoeraren harira, Arabako hiriburuan eta estatuko beste 27 hiritan esku hartuko du Armadak, gaurtik aurrera.

Guztira, 1.800 militarrek hartuko dute parte operazioan. Arabari dagokionean, Arakako (Araba) base militarreko kideak arituko dira, Larrialdietarako Unitate Militarreko kideekin batera. Azken horiek gaur sartu dira Araban, Gasteizko Zabalgana auzotik.

Miguel Villaroya Defentsa Estatu Nagusiko buruzagiak gaur adierazi duenez, "instalazioak desinfektatzea eta jende pilaketak ekiditea" izango da haien funtzio nagusia.

Gasteizen esku hartzeaz gain, A Coruña, Alacant, Aranjuez, Avila, Castello, Granada, Jerez, Madril, Malaga, Merida, Oviedo, Palma, Pontevedra, Santander, Segovia, Sevilla, Toledo, Valentzia, Valladolid edota Zaragozan izango da Armada, baita Cadizko badian ere, Itsas Infanteriako unitateen eskutik.