Ostiral honetan, apirilaren 24an, Gasteizko (Araba) familia bat etxegabetu nahi du Eusko Jaurlaritzaren mendekoa den Alokabide sozietate publikoak: indarkeria matxista pairatu duen emakume bat eta bere bi alabak utzi nahi ditu kale gorrian. Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eman du egoeraren berri, eta salatu du "instituzio publikoek jabetza pribatuaren logika eta mekanismo berdinen baitan jarduten dutela".
Etxe-kaleratzeari aurre egingo dio sindikatuak, eta ostiralean Gasteizko Toni Morrison kalera bertaratzeko deia zabaldu du. Azken urteetan, sindikatutik hainbatetan egin dute borroka Alokabidek martxan jarritako etxegabetze-prozesuen kontra: 2024an, adibidez, iruzur bat jasan zuen familia bat etxegabetzeko prozesua abiatu zuen Alokabidek, eta desalojoaren aurka antolatu zen sindikatua. Arabako hiriburuaz harago, EAEko sozietate publikoak martxan ipinitako eta gauzatutako beste hainbat etxe-kaleratze ere atera dira argitara, iaz Bilbon esaterako.