AKTUALITATEA / Errepresioa
Frantziako Poliziak gizonezko bat erail du Parisen
Pertsona bat tiroz hil zuen atzo Frantziako Poliziak, Paris ondoan dagoen La Courneuve auzoan. Polizien arabera, hildakoak laban batekin "mehatxu" egin zielako erail zuten. Aste honetan bertan, Iruñean nahiz Bilbon ere salatu dituzte jazarpen eta bortizkeria kasuak.
2020eko apirilaren 16
Frantziako Poliziak gizonezko bat erail du Parisen

Paris ondoko La Courneuve auzoan, Frantziako Poliziak gizonezko bat erail zuen atzo, apirilak 15. Arratsaldeko 17:00ak aldera izan zen, poliziak bizikletaz auzoa kontrolatzen ari zirenean. Haien arabera, hildakoak 30 zentimetroko laban bat zuen eta "mehatxu" egin zien. Haiei "eraso egiteko prest" zegoela esan dute poliziek, ihes egiten saiatu zela ere adierazi arren.

Tiro egin eta gizonezkoa hil zuen Poliziak. Hedabideen arabera, burura eta sabelaldera sutu zizkioten tiroak.

Polizia indarren presentzia eta kontrola indartu egin da konfinamendu garaian, eta etengabeak dira tokian toki salatzen ari diren polizia bortizkeria kasuak. Esaterako, aste honetan bertan, gazte bat lurrera bota eta atxilo eraman du Espainiako Poliziak Iruñean (Nafarroa), eta Bilboko (Bizkaia) San Frantzisko eta Bilbo auzoetan jazarpen eta gehiegikeria jarraituak salatu dituzte.