AKTUALITATEA / Politika instituzionala
Fran Moleon (PSN) Lizarrako zinegotzi ohia kondenatu dute diru publikoa "bidegabe" erabiltzeagatik
2025eko otsailean eman zuen dimisioa, "akats onartezin" bategatik: Gedemelsa udal-enpresako ia 10.000 euro erabili zituen gastu pribatuetarako.
2026eko maiatzaren 7 - 10:28
Fran Moleon (PSN) Lizarrako zinegotzi ohia kondenatu dute diru publikoa "bidegabe" erabiltzeagatik
— ARGAZKIA Navarra TV

Fran Moleonen aurkako zigorraren berri eman du Nafarroako Auzitegiak: urtebeteko kartzela-zigorra eta hiru urteko inhabilitazioa ezarri dizkio, diru publikoa "bidegabe" erabiltzea leporatuta. Izan ere, Lizarran, PSNko zinegotzi eta Gedemelsa konpainia publikoko presidente izan zen Moleon, eta iaz atera zen argitara udal-enpresako 9.623,49 euro erabili zituela bere gastu pribatuetarako. Akusatuak egindakoa aitortu duenez, epaiketarik egin gabe eman zuten sententzia apirilaren 27an.

Lizarrako Udalak 2007an sortu zuen Gedemelsa, turismoa sustatzea helburu duen enpresa bat, eta Moleon izan zen konpainiako burua 2024ko uztailetik 2025eko otsailera bitartean. Sententzian seinalatzen denez, ordea, sozietatearekin edo bertako zuzendaritza-lanekin zerikusirik ez zuten gastu pribatu batzuk ordaintzeko erabili zuen diru publikoa Moleonek. 2025eko otsailean eman zuen dimisioa, ustelkeriari buruzko akusazioak onartuz eta egindakoa "akats onartezintzat" joz. Iaz, PSOEko goi-mailako hainbat politikari ustelkeriarekin lotzen zituzten informazio ugari argitaratu zituzten, eta Nafarroa markatzen zen Koldo Auzia deiturikoaren erdigune modura.