AKTUALITATEA / Errepresioa
Foruzaingoak ere taser pistolak izango ditu 2026tik aurrera
Armei buruzko araudia aldatu du Nafarroako Gobernuak, foruzainei hornidura handiagoa emateko.
2025eko uztailaren 10
Foruzaingoak ere taser pistolak izango ditu 2026tik aurrera
— ARGAZKIA Diario de Cadiz

Aurreko asteburuan atera zen argitara Nafarroako Barne Sailak aldatu egin duela Foruzaingoaren armei buruzko araudia, taser pistolaren erabilera hedatu ahal izateko. Nafarroako Gobernua iazko abuztutik aritu da aldaketa hori lantzen, izan ere, 2026an hasi nahi du foruzainak arma berri horrekin hornitzen. Taser pistolez gain, 17 HMR rifleak ere emango dizkio gobernuak Foruzaingoari; animaliak kontrolatzera bideratutako arma bat.

Nafarroako Gobernuak defendatzen du su-armen alternatiba direla pistola elektrikoak, eta "disuasio moduan" erabiltzen direla. Nafarroan bertan, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak badituzte jada pistola horiek. Foruzaingoan modu progresiboan hedatuko dituzte, eta Herritarren Segurtasunerako unitateak hornituko dituzte printzipioz.

Aurreikuspenen arabera, irailean eta urrian, sei tiro-irakaslek jasoko dute formakuntza espezifikoa. Taser pistolak erabiltzen ikasiko dute, gero, foruzainen hezitzaile izateko. Azaroan zehar irakatsiko diete ehun bat foruzaini arma hori erabiltzen, eta 2026an txertatuko dute euren jardunean.