AKTUALITATEA / Langile-klasearen pobretzea
Findegiak eta inbertsioak erretiratzeko mehatxua egin diote energia-enpresek Espainiako Gobernuari
Repsolek, Cepsak, Galpek eta BPk 16.000 milioira arteko kontratuak eteteko mehatxua egin dute, baldin eta gobernuak energiaren alorreko zergei eusten badie.
2024eko urriaren 30
Findegiak eta inbertsioak erretiratzeko mehatxua egin diote energia-enpresek Espainiako Gobernuari
— ARGAZKIA Repsol

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak aurreko astean ohartarazi zuen energia-enpresentzat mantendu nahi den "ezohiko zergaren ondorio larriei" buruz, La Vanguardia eta El Correo egunkarietan argitaratutako Industria edo populismoa artikuluan. Euskadi Buru Batzarreko buruzagi jeltzale ohiak adierazi duenez, neurriak "Espainiako energia-sektorean egiten den inbertsioa nabarmen geldiaraz lezake, milaka milioi euro beste herrialde batzuetara desbideratuz eta fintze industriaren iraunkortasuna arriskuan jarriz". Zergari eutsiz gero, "2030a baino lehen industriak zailtasun operatiboak izan ditzake", Imazen arabera, eta nabarmendu du horrek eragin negatiboa izango lukeela Espainiako Estatuaren "lehiakortasunean".


Kataluniako Foment del Treball patronalean ere egin ditu kritikak Imazek, eta "Repsolek Tarragonan egin nahi duen 1.000 milioi euroko inbertsioa babesteko" eskatu dio Generalitateko presidenteari. Halaber, Junts alderdiak ere zerga indargabetu dadila eskatu du, enpresa handiekin lerrokatuz. Imazek, gainera, mezu bat helarazi zion EAJren zuzendaritzari, esanez arreta industria-politikan jarri beharko litzatekeela, euskal ekonomiaren etorkizuna zuzenean lotuta baitago Alemaniako eta Frantziako Estatuko merkatuen bilakaerarekin.