AKTUALITATEA / Gerra
Europaren berrarmatzean negozioa egiteko aukera dagoela azpimarratu du Jaurlaritzak
"Europaren defentsa horretan aukera berriak egon daitezke gure industriarentzat", esan du Maria Ubarretxenak.
2025eko martxoaren 11
Europaren berrarmatzean negozioa egiteko aukera dagoela azpimarratu du Jaurlaritzak
— ARGAZKIA Irekia

Berrarmatzeko plan erraldoi bat dauka esku artean Europar Batasunak: besteak beste, 800.000 milioi euroko gastu bat proposatu du Europako Batzordeak proiektu militarrak finantzatzeko. Gorakada belikoa areagotzen duten neurri horiek, baina, negozioa egiteko aukera gisa ikusi ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala adierazi du, behintzat, gobernuaren bozeramaile Maria Ubarretxenak, berrarmatzeko plana defendatzeaz gain.

Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, Ubarretxenak mehatxutzat jo du "Ukraina inbaditu duen Putin", eta kezka erakutsi du AEBetako presidente Trumpek ulertarazi izanagatik ez duela "gehiago Europa defendatuko". Hori argudiatuta, jeltzaleak aldarrikatu du Europak ez daukala "defendatzea beste erremediorik", inbertsio militarrak handitzeari erreferentzia eginez, besteak beste.

Beste alderdi bat ere nabarmendu du hala ere Jaurlaritzako eledunak, gerra-industriari bultzada emateko asmoa eta aukera ezkutatu gabe. Hain zuzen ere, esan du Europar Batasunaren "defentsa horretan aukera berriak egon" daitezkeela "gure industriarentzat", eta egoera "aprobetxatu" behar dela.