AKTUALITATEA / Etxebizitza
Euren buruaz beste egin dute bi pertsonak Bartzelonan, etxegabetuak izan aurretik
54 eta 64 urte zituzten bi ahizpek, eta gaur bota behar zituzten Bartzelonako euren etxetik. Alokairuan bizi izan dira bertan, eta 2023ko maiatzean hasi zen haiek handik kanporatzeko prozesua.
2024eko uztailaren 1
Euren buruaz beste egin dute bi pertsonak Bartzelonan, etxegabetuak izan aurretik
— ARGAZKIA AJ BCN

Kale gorrian geratzeko zorian zeuden bi emakumek euren buruaz beste egin dute bart goizaldean, Bartzelonan. Sant Andreu auzoko etxe batean bizi ziren bi ahizpak, eta eraikineko barne-patio batera bota dute euren burua. 54 eta 64 urte zituzten. Leku ikusgarri batean utzi dute ohar bat, epaitegiaren ofizioaren ondoan.

Idatzi horretan agintzen zen bien etxegabetzea gaurko, uztailaren 1erako. Kaleratzea gauzatu baino ordu batzuk lehenago egin dute euren buruaz beste, goizeko 11:00etarako baitzegoen ezarrita etxegabetzea.

Bi andreak alokairuan bizi izan dira Navas de Tolosa kaleko pisu batean. Alokairuaren kostu osoari aurre egiteko ezintasuna zuten, ordea, eta badirudi ordainketekin arazoak izaten hasi zirela. Norbanako baten jabetzakoa omen da etxea, eta 2023ko maiatzean ekin zion hark bi maizterrak etxetik bota eta kale gorrian uzteko prozesuari.