AKTUALITATEA / Etxebizitza
Etxebizitzaren prezioak igotzen jarraituko du Espainiako Estatuan, gutxienez 2027ra arte
Aurten %4 igoko dira prezioak, eta Espainiako Estatua izango da etxebizitza gehien garestituko den Europako bigarren herrialdea, Irlandaren atzetik.
2024eko uztailaren 26
Etxebizitzaren prezioak igotzen jarraituko du Espainiako Estatuan, gutxienez 2027ra arte
— ARGAZKIA Vozpópuli

Amerikako Estatu Batuetako S&P enpresaren arabera, etxebizitzak garestitzen segituko du Espainiako Estatuan. Aurten, 2024an, badirudi %4 igoko direla prezioak, batez beste. Eta gorakada hori ez da etengo, momentuz: S&P-k dio, gutxienez, 2027ra arte garestituko dela etxebizitza Espainiako Estatuan. Egin dituen aurreikuspenen arabera, prezioak %3 igoko dira 2025ean, %2,4 2026an, eta %2 2027an.

Gaur egun esku artean dituzten datuekin, aurten, Espainiako Estatua izango da prezioen igoerarik handiena jasango duen Europako bigarren herrialdea. Irlanda besterik ez dauka aurretik, 2024an, batez beste %5,8 garestituko baita etxebizitza.

El País egunkariak aipatzen dituen adituen esanetan, interes-tipoak jaisten ari da Europako Banku Zentrala (igo zituen erritmoan baino modu apalagoan, ordea), eta horrek eragingo omen du etxebizitzaren etengabeko garestitzea hain bortitza ez izatea, erritmoari dagokionez. Hala ere, aditu horiek beraiek ohartarazi dute, errealki, pandemiaren aurretik baino altuagoak izango direla oraindik interes-tipoak.

Aipatu dute, gainera, azken urteetan ikusi dela Espainiako Estatuan, Irlandan, Portugalen edota Belgikan gehiago kostatzen ari dela etxebizitzaren prezioak jaistea. Eta, antza denez, hurrengo hiru urteetan behintzat gora egiten jarraituko du kostuak.

Badirudi, bestalde, Europako beste herrialde batzuetan (hala nola Frantziako Estatuan, Alemanian, Italian eta Erresuma Batuan) zertxobait apaldu zela etxebizitzaren garestitze orokorra iaz, eta horixe izango dela joera.