Espainiako Gobernuko Herriaren Defendatzailea deiturikoak atzera bota du torturaren praktikari buruzko ezohiko txosten bat egiteko azken eskaera, giza-eskubideen aldeko hamahiru elkartek aurkeztutakoa. Hala salatu zuten joan den astean eskaera egin duten kolektiboek. Apirilaren 10ean izandako bilera batean, gobernu-instituzioak uko egin zion bere Lege Organikoaren 32.2 artikuluan aurreikusitako eskumena gauzatzeari, larritasun bereziko gertakarien aurrean Gorte Nagusietara jotzeko aukera ematen baitio berez. Instituzioko buruak argudiatu zuen goi-komisario gisa duen karguak galarazi egiten diola "eragin politikoko moduren bat" dakarten jarduerak aurrera eramatea, eta ez daukala aukerarik "Gorteei agindurik emateko".
Herriaren Defendatzaileari eskaera egin dioten taldeek, besteak beste Argituz, Iridia, Abokatutzako Elkarte Askea (ALA gazteleraz) eta La Comunak, delitu horiei buruzko inpunitateagatik duten kezka helarazi zioten. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, tortura modu "sistematikoan" izan da iragan hurbilean, eta gaur egun "noizbehinkakoa baino gehiago" da. Aipatutako kolektiboek gogorarazi zuten, hain zuzen ere, Kriminologiaren Euskal Institutuak gutxienez 4.311 kasu egiaztatu dituela EAEn eta beste 1.068 kasu Nafarroan 1960tik 2014ra bitartean, nahiz eta uste duten benetako kopurua 20.000 kasurainokoa izan daitekeela.
Bilkuran, Herriaren Defendatzaileak adierazi zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak agindu beharko liokeela halako txosten bat egiteko eta "bitarteko egokiak" izan beharko lituzkeela. Halaber, beste instantzia batzuetara bidali zituen gizarte zibileko bozeramaileak, hala nola Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Salako Fiskaltzara edo Egiaren Batzordera. Jarrera instituzional horrek talka egiten du kolektibo sozialen salaketekin, tratu txarrak baimentzen eta errazten dituzten mekanismoak indarrean daudela ohartarazten baitute, Prozedura Kriminalaren Legearen 509. artikuluan aurreikusitako atxiloketa inkomunikatua kasu.
Elkarteek kritikatu dute instantzia politikoek eta juridikoek praktika horiek "ukatu, isilarazi edo minimizatu" izan dituztela. "Sententziarik ez" dagoela dioen tesi ofizialaren aurrean, Herriaren Defendatzaileak berak egindako txostenen arabera, azken hamabost urteetan, torturagatik edo osotasunaren aurkako delituengatik zigortu dituzte urtean 50 funtzionario, batez beste. Gainera, oroitarazi dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hamahiru aldiz zigortu duela Espainiako Estatua Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua (tortura eta tratu ankerrak debekatzeari buruzkoa) urratzeagatik.
Espainiako Gobernuko instituzioak ezezkoa eman ondoren, mugimendu sozialak mobilizatzeko deia egin dute elkarteek, biktimentzako justizia, aitortza eta erreparazioa eskatzeko. NBEko Giza Eskubideen Batzordearen arabera, Espainiako Estatuko agintariek ikertu ez dituzten 5.000 testigantza baino gehiago daude torturei lotuta, eta blokeoa haustea da abiatu berri duten ekimenaren helburua. Aipatutako antolakundeek igorritako oharrak nabarmentzen duenez, indarkeria polizialaren biktimen gaur egungo profila pertsona migratzaileengana biratu da gehienbat.