Atzo eguerdian, manifestazio jendetsu batek zeharkatu zuen Bilboko erdigunea, aurreko egunean Ertzaintzak Loiuko aireportuan egindako interbentzio poliziala salatzeko eta bai polizia-indar hori bai Eusko Jaurlaritza sionismoaren konplize gisa seinalatzeko. Global Sumud Flotillak, Palestinarekin Elkartasuna plataformak, BDZ Bizkaiak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiak deitu zuten mobilizatzera.
Antolatzaileek Arriagara iristean gogorarazi zutenez, Israelek nazioarteko uretan bahitu eta atxiloaldian torturatu zituen flotillako hainbat kide euskal herritar, eta larunbatean Loiura heldu zirenean, borra-kolpeka hartu zituzten ertzainek. "Israeldarrek egindako torturekin aski ez, eta Loiura iritsi zirenean, ontzidiko kide asko jazarri, kolpatu eta atxilotu egin zituen Ertzaintzak", azaldu zuten: "Horrek guztiak erakusten digu Israelen benetako izaera faxista eta hura desegiteko beharra".
Manifestazioan gogor salatu zituzten Loiuko karga polizialak eta Jaurlaritzaren erantzukizuna nabarmendu zuten, "sionismoaren konplize modura jardun baitu, Israelek egindako torturei jarraipena emanez". Gogora ekarri zuten ezagunak direla Ertzaintzaren eta Mossaden arteko loturak eta berriz geratu dela agerian zer nolako elkarlana dagoen Mendebaldean estatu sionistarekin: "Europako herrialdeek ez dute ezer egin flotillako kideek jasandako torturen aurka. Beste behin, Israelen gehiegikeriak salatu dituzte, baina neurri zehatzik hartu gabe. [...] Argi geratu da Ertzaintzak eta Segurtasun Sailak munstro sionistaren jarraitzaile gisa jokatu dutela". Horrekin batera, inpunitate polizialari aurre egitera eta Palestinaren askatasunaren alde lanean jarraitzera deitu zuten: "Palestinar herriaren borroka gurea ere bada".
