Ertzaintzaren beste kapitulu basati bat izan zen atzo Loiuko (Bizkaia) aireportuan. Global Sumud Flotillako kide euskal herritarrak aste honetan askatu eta deportatu zituen Israelek, 72 bat orduz ilegalki bahiturik izan ostean eta tratu txarrak eman ostean, eta azkenean atzo heldu ziren Loiura Turkiatik. Jende ugari zuten aireportuan izan, harrera beroa egiteko, baina Ertzaintzak kolpeka hartu zituen bai flotillako kideak bai eurei harrera egiteko asmoz bildutako jendea.
Hamaika hedabidek Loiun grabatutako bideoek erakusten dutenez, Ertzaintzak borra-kolpeka kargatu zuen flotillako kideen aurka, aireportuko sarrera oztopatzen ari zirela aitzakiatzat hartuta, antza. Biolentzia izugarriarekin kolpatu eta arrastaka eraman zuten jendea ertzainek, hainbat pertsona zaurituz. Sei lagun, gainera, atxilo hartu zituen eta Deustuko (Bilbo, Bizkaia) komisariara eraman zituen.
Bertan zeuden lekukoek azaldu dute Ertzaintzak eta Guardia Zibilak elkarlanean jardun zutela flotillako kideak erreprimitzeko. Izan ere, Guardia Zibila ere bertan zen atzo, eta ateen beste aldean egon ziren ertzainek kargatzean. Ertzaintzak nor edo nor atxilo hartzen zuenean, guardia zibilak zeuden aldera eramaten zituen arrastaka, eta bertan zegoen jendeak, beraz, ezin zuen ikusi zer egiten zieten han.

Global Sumud Flotillak dei egin zuen arratsaldeko aurreneko orduan Deustuko komisariara bertaratzera, atxilotuen askatasuna exijitzeko. Sionismoarekin harreman oro eten! lelopean elkarretaratu ziren bertan. 18:00ak aldera askatu zituzten, eta hainbag hedabidek jaso ahal izan zutenez, flotillako kideek haserrea eta sumina erakutsi zuten Loiun gertatutakoagatik eta Poliziak egindako esku-hartzeagatik.
Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu Bingen Zupiriak gaur, maiatzaren 24an, goizeko 11:15ean egingo ditu adierazpenak atzoko gertakariak direla-eta.

Bestalde, mobilizazio-deialdi bat egin dute gaur eguerdirako Bilbon, "flotillako kideen harreran Ertzaintzak zauritu eta atxilotu dituen kideei elkartasuna adierazteko" eta "Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna seinalatzeko". 13:00etan aterako da manifestazioa Eliptika Plazatik.
