AKTUALITATEA / Errepresioa
Ertzaintzak "ezarritako prozedurak" bete zituen Reale Arena inguruko kargetan, Segurtasun sailburuaren arabera
Martxoaren 5ean zauritutako pertsonetako bati gutun bat bidali dio Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, beste behin ere, Ertzaintzaren bortizkeria justifikatzeko. Andre hori buruan jo zuten ertzainek foam jaurtigai batekin, eta ostikoz kolpatu zuten lurrean.
2024eko uztailaren 9
Ertzaintzak "ezarritako prozedurak" bete zituen Reale Arena inguruko kargetan, Segurtasun sailburuaren arabera
— ARGAZKIA Donostitik.com

Ertzaintzak gutxienez hiru pertsona zauritu zituen Donostian (Gipuzkoa) joan den martxoaren 5ean, Realaren eta Paris Saint-Germainen partidaren aurretik. Kargak izan ziren Reale Arena zelai inguruan eta hiriko beste zenbait gunetan, hainbatetan oldartu baitzen Ertzaintza jendearen kontra.

Zauritu horietako bat da Amaia Zabarte. Poliziak foam jaurtigai batekin jo zuen buruan, 30 metro inguruko distantzia batetik. Horretaz gain, ostikoz kolpatu zuten polizia-indarrek, lurrean zegoela; hala frogatu du bideo batek. Salaketa bat jarri zuen biktimak, baina kasua artxibatzea erabaki zuen epaileak, iritzita "ezezaguna" dela nork tirokatu zuen zauritua.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu berriak, Bingen Zupiriak, uztailaren 1ean bidali zion gutun bat Zabarteri. Sailburuaren esanetan, martxoaren 5eko gertakariak ikertzen ari da Ertzaintzaren "kontrol- eta gardentasun-batzordea". Ziurtzat jo du, dena den, ertzainek "ezarritako prozedurak" bete zituztela egun horretan, eta "pertsonen segurtasuna" lehenetsi zutela.