AKTUALITATEA / Palestina
Ertzaintzak Eibarko zale bat kanporatu du Ipuruatik, Palestinako bandera erakusteagatik
Bandera ezkutatzeko esan zioten lehenengo, eta zaletuak horri uko egitean, bota egin zuten futbol-zelaitik.
2023eko urriaren 16
Ertzaintzak Eibarko zale bat kanporatu du Ipuruatik, Palestinako bandera erakusteagatik

Europako hainbat estatutan ikusten ari ziren, azken egunetan, atxiloketak eta jazarpena Palestinako bandera erakusteagatik. Atzo arratsaldean, bada, Euskal Herrian izan zen halako egoera bat, Eibarko (Gipuzkoa) Ipurua futbol-zelaian. Partida baten erdian, harmailetatik zale bat kanporatu zuen Ertzaintzak, Palestinako bandera zeramalako.

Lehenengo, bandera ezkuta zezala exijitu zioten zaletuari ertzainek, baina hark uko egin zion horri. Orduan, zelaitik bota zuten. Ez dute argitu zer agindu izan zuen oinarritzat Ertzaintzak zalea kanporatzeko.