AKTUALITATEA / Errepresioa
Ertzaintzak bi lagun harrapatu ditu kotxez Bilboko Areatzan
Larriki zauritu ditu bi andre, bidea gurutzatu nahian ari zirenean.
2025eko urriaren 1
Ertzaintzak bi lagun harrapatu ditu kotxez Bilboko Areatzan
— ARGAZKIA Bilbao Capital del Mundo/Radio Nervión-en bidez

Bilboko (Bizkaia) Areatzan, Ertzaintzak larriki zauritu ditu bart bi pertsona. Atzo, gaueko 21:30ak igarota, 50 urte inguruko bi emakume harrapatu zituzten autoz ertzainek, errepidea gurutzatzen saiatzen ari zirenean. Gurutzetara (Barakaldo, Bizkaia) eraman zituzten bi zaurituak, itxura denez, politraumatismo larriekin.

El Correo-k aipatzen dituen lekukoen arabera, bi andreak autobus-geltoki baten paretik ahalegindu ziren errepidea zeharkatzen, semaforoa gorriz omen zegoenean. Ertzaintzako patruila batek, orduan, ez zuen ibilgailua frenatu eta harrapatu egin zituen bi turistak, haiek airera jaurtiz. Bidean etzanda geratu omen ziren biak, eta badirudi biktimetako batek kontrako norabidean zihoan kotxe baten aurka jo zuela.

Bi agente zihoazen patruila-autoan une horretan. Zenbait lekukok azaldu dute Ertzaintzaren ibilgailuak "erabat mailatuta" zeukala muturra.