AKTUALITATEA / Soldata sistema
Erretiroa atzeratzea sarituko du Espainiako Gobernuak
Sei alde arautuko ditu jubilazioari buruzko erreforma berriak, erretiroak "malgutzeko" eta "pentsioaren eta lanaren arteko bateragarritasuna sustatzeko". Erretiro partzialak, aktiboak eta atzeratzeak sustatu nahi dituzte: langileek pentsioa jasotzen duten bitartean lanean jarraitzea bilatzen du erreformak.
2024eko irailaren 4
Erretiroa atzeratzea sarituko du Espainiako Gobernuak

Espainiako Estatuan, erretiroa hartzeko adina 66 urte eta sei hilabetean dago ezarrita gaur egun; baina, 2027tik aurrera, 67 urte eduki beharko dira jubilazioari lotutako prestazioa eskatu ahal izateko. Udan zehar biltzen aritu dira Espainiako Gobernua, patronala eta sindikatu nagusiak, Pedro Sánchez presidentearen hitzetan, "pentsioaren eta lanaren arteko bateragarritasuna sustatu" eta "jubilazioa malgutuko" duen erreforma bat adosteko.

Azaldu dutenez, sei alde nagusi arautuko ditu Inklusio, Gizarte-Segurantza eta Migrazio Ministerioaren erreforma berriak, eta horietatik hiruk erretiroa atzeratzeko xedea dute.

Alde batetik, erretiro aktiboa arautuko du erreforma horrek. Hala, erretiro aktiboa hautatzen duten langileek pentsioaren %50 kobratuko dute, euren lan-ordainsariarekin batera. Erretiro aktiboa luzatzen duten heinean, pentsiodunek ordainaren ehuneko altuagoa jasoko dute, eta bost urteren ondoren, pentsioaren %100 eskuratuko dute.

Erretiro atzeratua eta partziala sustatzeko pizgarriak ere martxan jarriko dituzte. Jubilazioa atzeratuz gero, langilearen pentsioa %2 igoko du Gizarte-Segurantzak. Erretiro partziala aukeratuz gero, aldiz, langileek %75era arte murriztu ahal izango dute lanaldia, pentsioa jaso bitartean.