AKTUALITATEA / Errepresioa
Errepresioaren aurka, alaveszaleen batasuna aldarrikatu dute
"Ez dugu onartuko Poliziaren indarkeria normalizatzea, ezta gure zaleen aurkako jazarpenik ere", azaldu dute Alaveseko hainbat zale taldek, Ertzaintzak asteburuan egindako esku-hartzearen ondoren. Dispositibo polizialaren arduradunak identifika ditzatela exijitu dute.
2026eko maiatzaren 25 - 05:49
Errepresioaren aurka, alaveszaleen batasuna aldarrikatu dute

Aurreko larunbatean, Gasteizko Alaves futbol-taldearen urteurrena ospatzeko, hainbat ekimen antolatu zituzten Arabako Garrasiak, Iraultza 1921 taldeak eta klubak. Arratsaldean ordea, ehunka pertsona taldeko jokalariei harrera egiten ari zirenean Gasteizko kaleetan, jendeari oldartu zitzaion Ertzaintza. Horiek horrela, errepresioa salatzeko protesta bat izan zen atzo arratsaldean Foru Plazan, eta bertan oroitarazi zutenez, "alaveszaletasunaren izenean antolatutako ekitaldi batean, indarkeria neurrigabea erabili zuten familien, gazteen eta adinekoen aurka". Eta salatu zuten, gainera, bi pertsona atxilotu zituztela kargan.

"Atzo gertatutakoa irmoki salatu nahi dugu. Ertzaintzaren jarduna guztiz justifikaezina da: nahita sortutako tentsioak, atxiloketak eta kargen bidez eragindako beldur-egoerak bizi izan genituen", jakinarazi zuten. Nabarmendu zuten "Poliziaren inplikazioa eta kargan erabilitako indarkeria neurrigabeak eta gehiegizkoak" izan zirela, eta bertan grabatutako hamaika bideoek erakusten dutela hori: "Bideo froga ugari ditugu, eta Gasteizko gizarteari erakutsiko dizkiogu, administrazioen baimena eskuratzean". 

Bi exijentzia egin zituzten atzo arratsaldean: dispositibo polizialaren arduradunak identifika ditzatela, "tamaina bereko ondorioak izan ditzaten" (Ertzaintzako operatibo burua eta Eusko Jaurlaritzako Sailburuordetza aipatu zituzten zehazki), eta atxilotutako pertsonak absolbitu ditzatela. "Atxiloketa horiek guztiz bidegabeak direla uste dugu, eta Ertzaintzari mesedegarria zaion kontakizun bat eraikitzeko egindako saiakera trakets baten ondorio dira", seinalatu zuten: "Ez dugu onartuko Poliziaren indarkeria normalizatzea, ezta gure zaleen aurkako jazarpenik ere. Mendizorrotza gure etxea da, eta ez dugu onartuko zaletuei eraso egitea inpunitate osoz". Errepresioaren kontra, alaveszaleen batasuna aldarrikatu zuten hala.