AKTUALITATEA / Errepresioa
ErNEk eskatu du Zigor Kodea aldatu dadila, polizien aurkako jarrera gogorrago zigortzeko
Ertzaintzako hauteskunde "sindikaletako" porrotaren ostean, proposamen legegile bat egin du ErNEk, Poliziarekiko jarrera kritikoa zorrotzago zigortzeko eta ikastetxeetan agenteen alde interbenitzeko.
2026eko uztailaren 13 - 09:32
ErNEk eskatu du Zigor Kodea aldatu dadila, polizien aurkako jarrera gogorrago zigortzeko

Ertzainen eta udaltzainen aurkako "erasoak" eta "gorroto-delituak" gogorrago zigortu daitezela bilatzen du ErNE erakunde polizialak. Horretarako, Zigor Kodea erreformatzeko ekimen bat bultzatzen ari da EAEn, "azken asteetan" polizien kontrako "erasoak eta errespetu faltak areagotu" egin direla argudiatuta.

Poliziarentzat "babes juridiko handiagoa" eta "agintaritzarekiko errespetua" lortzea xede, ErNEk dio asteak daramatzala EAEko alderdi politikoekin biltzen eta aipatutako lege-proposamena aurkezten. Ez dute bilera horiei buruzko xehetasunik eman, baina alderdien artean ekimena harrera ona izaten ari dela iradoki du "sindikatu" polizialak.

Europa Press-en arabera, proposamenak ez ditu zigor handiagoak soilik galdegiten: ikastetxeetan esku hartu nahi du, Poliziarekiko "errespetua" eta "aitortza" eskoletan landu dadin. Albiste-agentziak gaineratu duenez, ErNE elkarlanean ari da Espainiako Estatuko hainbat erakunde polizialekin, tartean SUP eta AUGC, lege-proposamena Espainiako Diputatuen Kongresura ere hel dadin.

ErNEren proposamena, martxoko hauteskundeetako porrotaren ondoren

Joan den martxoan izan ziren hauteskunde sindikalak Ertzaintzan, eta urte luzez ErNE nagusitu ostean, Euspelek irabazi du oraingoan. Euspelekin lotura zuzena duen abokatu bat aktiboki parte hartzen ari da bortizkeria polizialari lotutako hainbat auzitan, ertzainen defentsan. ErNEk nabarmen egin zuen behera martxoko hauteskundeetan, eta horren ondoren etorri da Zigor Kodea erreformatzearen aldeko ekimen legegilea.