AKTUALITATEA / Preso politikoak
Erdi-askatasuneko erregimena ukatu diote Marixol Iparragirreri, Auzitegi Nazionalaren aginduz
Eskuin muturreko taldeen eta komunikabideen etengabeko jazarpena jasan du, espetxetik kanpo hainbat ordu pasatzeko baimena eman ziotenetik. 20 urte baino gehiago daramatza preso.
2026eko apirilaren 23 - 06:35
Erdi-askatasuneko erregimena ukatu diote Marixol Iparragirreri, Auzitegi Nazionalaren aginduz
— ARGAZKIA Goiena

Erabateko kartzelaldira itzularazi dute Marixol Iparragirre, duela gutxi ezarritako erdi-askatasuneko erregimena ukatu baitio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Joan den martxoan, hainbat ordu kartzelatik kanpo igarotzeko baimena eman zioten euskal presoari, baina neurri horren kontrako ebazpena eman du orain Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Castro epaileak, Fiskaltzaren jarrerarekin bat etorrita. EITBren arabera, 100.2 artikulua ez aplikatzeko eskatzen du auto judizialak, "bidegabe" erabiltzen ari dela argudiatuta. Gaineratzen du erdi-askatasuneko erregimenak "ezinegon" soziala eragiten duela eta "espektatiba faltsuak" sortzen dituela presoengan.

Iparragirreri Eusko Jaurlaritzak eman zion kartzelatik kanpo zenbait orduz egoteko baimena, baina neurriaren kontra agertu zen Ministerio Fiskala: Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralari eskatu zion kasua azter zezala. Castro magistratuak dio, hala, "salbuespenezko neurria" dela 100.2 artikulua aplikatzea.

Marixolek bi hamarkada baino gehiago daramatza preso, bai Frantziako bai Espainiako estatuetako presondegietan eduki baitute gatibu. 2019an Espainiaratu zuten Auzitegi Nazionalean epaiketa ugari egiteko. Emandako azken ebazpenean, epaileak esan du Iparragirrek laster beteko dituela 30 urteko espetxe-zigorraren hiru laurdenak, 2027an. 2034an beteko luke zigorra osorik.

Eskuin muturreko taldeen eta hedabideen jazarpena

Azken asteetan, Iparragirre espetxetik kanpo hainbat ordu pasatzen hasi zenetik, areagotu egin da bere aurkako jazarpen mediatikoa. Covite, ohi bezala, kexu zen euskal presoari ezarritako neurria zela-eta, eta Revuelta talde faxistako kideak Marixolen jaioterrira joan ziren bere aurkako propaganda egitera.