AKTUALITATEA / Langile-klasearen pobretzea
Erakundeen pasibotasuna salatu du Iruñeko Paris 365 elkarteak
Beharra daukaten pertsonei janaria eta arropa bermatzen die kolektiboak, eta oraintsu bete ditu hamabost urte. "Sistemaren lotsak estaltzen jarraitzeko betebeharra sentitzen dugu", adierazi dute kideek.
2024eko azaroaren 26
Erakundeen pasibotasuna salatu du Iruñeko Paris 365 elkarteak
— ARGAZKIA Paris 365

"Hamabost urte Iruñean eta eskualdean pobrezia-egoeran dauden pertsonen elikadura eta janzkera duina bermatzen". Hala laburbildu du Paris 365 elkarteak bere jarduna, hamabosgarren urteurrenean. Aurreko asteburuan egindako agerraldian, kolektiboko kideek gogorarazi zuten egunean 90 laguni baino gehiagori ematen dizkietela otorduak, eta, denera, 11.000 pertsona baino gehiago artatu dituztela euren ibilbidean zehar.


Elkarteko kideek uste dute zifra horiek "instituzioak lotsatzeko" modukoak direla, iritzita "egiturazko moteltasun instituzionalaren emaitza" dela "egiturazko pobrezia". Horren erakusletzat jo dute, esaterako, gero eta jende gehiagok igaro behar izatea gaua kalean: "Azaroaren 13an 51 pertsona geratu ziren aterpetxetik kanpo".