AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Erailketa matxista Sarrigurenen, urteko lehena Euskal Herrian
Emakume bat labankadaz erail du bere senarrak; banantzeko prozesuan zeuden. Iruñerriko Itaiak mobilizazio bat egingo du 11:30ean, Udaletxe Plazan.
2026eko otsailaren 21
Erailketa matxista Sarrigurenen, urteko lehena Euskal Herrian

Erailketa matxista baten berri eman dute bart Iruñerrian, Sarrigurenen hain zuzen ere: Tatiana Rodriguez izeneko emakume bat erail du bere bikotekideak. 19:30ak igarota izan zen hilketa, Nafarroako Erreinua etorbideko etxebizitza batean: gizonezkoak arma zuriz eraso zion Tatianari, eta bertan hil zuen. Banantzeko prozesuan zegoen bikotea.

Biktimak lau seme-alaba zituen, eta haietako bat eta erasotzailearen ama etxean zeuden erailketa izan zenean. Noticias de Navarra-ren arabera, erasoan, hiltzaileak bere ama ere zauritu zuen larriki. Erasoaren ostean ihes egin zuen gizonak, eta etxetik gertu zeuden gazte batzuek eman zuten abisua.

Handik gutxira atxilotu zuten erasotzailea, Foruzaingoa berekin telefonoz harremanetan jarri ondoren entregatu baitzuen bere burua.

Erailketa matxista salatzeko, mobilizazio bat antolatu du gaurko Iruñerriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean. Goizeko 11:30ean izango da, Iruñeko Udaletxe Plazan.

Bost erailketa Nafarroan bost urtean; bederatzi Espainiako Estatuan bi hilean baino gutxiagoan

Aipatutako egunkariak jaso duenez, azken bost urteetan, gutxienez bost erailketa matxista izan dira Nafarroan. 2021eko uztailaren 7an, Pilar Berrio labankadaz erail zuen bere bikotekide ohiak Murchanten, auto bidezko jazarpen baten ondoren; sei hilabete beranduago, lo zegoela, Sara Pina hil zuen bere senarrak Tuteran. 2023ko uztailaren 1ean, Zhen Jiang erail zuen bere bikotekide ohiak Iruñeko Ermitagañan. Laugarren kasua, berriz, 2025eko uztailekoa da, oraindik judizialki epaitzeke dagoena: 78 urteko andre batek kolpeka galdu zuen bizia, eta bere senarrari leporatu zioten hilketa.

Espainiako Estatuan, bestalde, hainbat hedabidek eman dute datu izugarri bat berriki: 2026an, erailketa matxista bat izaten ari da bost egunero. Izan ere, urtea hasi zenetik, gutxienez bederatzi emakume hil dituzte indarkeria matxista tarteko. Iazko datua hirukoizten du balantze horrek.