AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Emakume batek talde bortxaketa bat salatu zuen abuztuan Gasteizen
17 urte ditu emakumeak. Antza, hiriko berdegune batean geratu zen gizonezko batekin, eta hitzorduan bertan, beste sei agertu ziren. Orduan bortxatu zuten. Une honetan, sexu askatasunaren aurkako delitua leporatzen diete guztiei.
2020eko irailaren 7
Emakume batek talde bortxaketa bat salatu zuen abuztuan Gasteizen

Iragan abuztuan Gasteizen (Araba) jazotako talde bortxaketa bat argitara atera dute azken egunetan. 17 urteko emakume batek erasoa salatu eta ostera hasi zuen ikerketa Adingabeen Fiskaltzak. El Correo egunkariak adierazi duenaren arabera, zazpi dira erasoarekin zerikusia duten gizonezko adingabeak, eta horietatik bost ari dira ikertuak izaten, beste biek 14 urte baino gutxiago baitituzte.

Murritza da gertakariaren inguruko informazioa. El Correo-k dioenez, hiriko gune berde batean jazo zen erasoa. Emakumeak gizonezko bakarra ezagutzen zuen lehenagotik, eta berekin jarri zuen hitzordua. Dena den, beste sei lagunekin batera agertu zen gizonezkoa, eta emakumeak azaldu duenez, orduan bortxatu zuten. Egun, gertakariaren irudi edota bideoak bilatzen jarraitzen dute, izan ere, erasoa grabatu zutenaren ustea dauka emakumeak.

Prozedura judizialak iraun bitartean, ikertzen ari diren bost mutiletatik bat gutxienez adingabeen zentro batean sartu dute; han erregimen erdi irekia izango du. Beste lauei, aldiz, emakumearekiko urruntze-agindua ezarri diete.