AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Emakume batek Donostian jasandako sexu-erasoaren berri eman dute
Otsailaren 12an eraso zion 46 urteko gizon batek, Donostiako etxebizitza batean. Indarkeria matxistagatik aurrekariak ditu erasotzaileak.
2025eko otsailaren 20
Emakume batek Donostian jasandako sexu-erasoaren berri eman dute

Atzo jakinarazi zuten 46 urteko gizonezko bat atxilotu zutela Donostin (Gipuzkoa), emakume bati sexu-erasoa egiteagatik. Hiriko etxebizitza batean izan zen erasoa joan den otsailaren 12an, erasotzaileak logela bat alokatu baitzuen bertan. Polizia-iturrien arabera, gizonak "indarkeriazko eta larderiazko jarrera" baliatu zuen emakumeari eraso egiteko, eta etxetik alde egin zuen gero.

Atzo atzeman eta atxilotu zuten, eta Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utzi behar zuten, antza. Erasotzaileak aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik.

"Horrelako albisteek argi uzten dute indarkeria matxista etengabe areagotzen eta normalizatzen ari dela", salatu du Donostiako Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak: "Egoera oso larria da, eta matxismoarekin behin betiko amaitu nahi badugu, antolatzea eta borrokatzea baino ez zaigu geratzen". Martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, kaleak hartzera deitu du.