AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Emakume bat labanaz mehatxatu du haren senarrak, Getxon
Gizonezkoak aiztoa atera eta emaztea mehatxatu zuenean, euren alabak geldiarazi zuen aita. Udaltzainei hots egin zien emakumeak, eta haiek heldu zirenerako erasotzaileak ihes egin zuen arren, atxilotu egin zuten gero. Epailearen esku dago ordutik. Astelehenean beste bi emakumeri egin zieten eraso, Gasteizen.
2019eko azaroaren 22
Emakume bat labanaz mehatxatu du haren senarrak, Getxon

Asteazkenean, hilak 20, laguntza eske zebilen emakume baten deia jaso zuten Getxoko (Bizkaia) udaltzainek, eguerdiko 13:00ak aldera. Hasiera batean egoeraren inguruan xehetasunik eman ez zuen arren, telefonoz "beldur zantzuak" nabariak zirela azaldu zuen Udaltzaingoak. Emakumeak adierazitako tokira heldu zirenean, hark jakinarazi zuen senarrak aizto handi batekin mehatxatu eta ospa egin zuela. Oldarraldiaren lekuko izan zen alabak geldiarazi zuen aita.

Handik gutxira, gertuko apustu etxe batean atxilotu zuten erasotzailea. Atxiloketaren prozedurak amaitu ostean, epailearen aurrera eraman zuten.

Beste bi eraso astelehenean

Iragan astelehenean, hilak 18, bi emakumeri eraso egin zieten haien bikotekideek, Gasteizen (Araba). Kalean jazo ziren bi erasoak, jendaurrean.