Ostiraletik larunbaterako gauean, emakume bat bortxatu zuen gizonezko batek Iruñeko (Nafarroa) San Fermin jaietan. Goizeko 05:00ak aldera izan zen erasoa, Gaztelugibelen, eta handik gutxira atxilotu zuten erasotzailea.
Gau berean, beste hiru sexu-eraso salatu zituzten, ukituengatik zehazki. Erasotzaile horietako bat ere atxilo hartu zuten, beste hiru salaketa baitzeuden aurkezturik bere kontra.
Uztailaren 6an hasi ziren sanferminak, eta ordutik, hamar sexu-eraso baino gehiago atera dira argitara; hainbat hedabideren arabera, hamabi izan dira jada.
Jaietan gertatu diren eraso matxistak salatzeko, Iruñerriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak protesta bat egin zuen atzo arratsaldean, Alde Zaharreko kaleetan zehar. "Sanferminetan ere indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko unea da", adierazi du.