AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Emakume bat bortxatu du gizon batek Bilboko Uribitarten
Lekeitioko jaietan, bestalde, gutxienez hamabost emakumek jasan dituzte sexu-erasoak, eta Iruñean ukituak egin dizkio neska bati gizon batek. Lizarran, emakume bat labana batekin mehatxatu du bere bikotekide ohiak, eta Tuteran, tratu txarrengatik atxilotu dute beste erasotzaile bat.
2024eko irailaren 10
Emakume bat bortxatu du gizon batek Bilboko Uribitarten

Eraso matxista ugariren berri eman dute Euskal Herrian azken egunetan. Bilbon (Bizkaia), zehazki, bortxaketa bat izan dela jakinarazi dute: aurreko asteburuan bortxatu zuen emakume bat gizonezko batek, Uribitarteko arrapaletan. Goizalde batean izan zen erasoa, eta asteburuan bertan atxilotu zuten erasotzailea.

Horretaz gain, San Antolin jaiak izan dira Lekeition (Bizkaia) iraileko aurreneko astean, eta sexu-eraso ugari gertatu direla azaldu dute txosnagunearen antolatzaileek. Seinalatu dutenez, aurtengo festetan, gutxienez hamabost emakumeri egin diete eraso.

Iruñean (Nafarroa), gainera, beste sexu-eraso bat salatu dute: parke batean, emakume bati ukituak egin dizkio gizonezko batek.

Horretaz gain, bikotekideek edo bikotekide ohiek erasotako bi emakumeren kasuak atera dira argitara. Lizarran (Nafarroa), emakume bati mehatxu egin dio bere bikotekide ohiak, labana batekin. Atxilo eraman dute erasotzailea.

Tuteran (Nafarroa), berriz, beste gizonezko bat atxilotu dute, tratu txarrak ematea egotzita. Ez dute zehaztapenik egin.