Agerraldi berri bat egin dute Iruñean (Nafarroa) elkarte memorialistetako kideek, udalak (EH Bildu) Erorien Monumentua "eraldatzeko" hautatutako bi proiektuak gaitzesteko. Izan ere, nabarmendu dute ez batak ez besteak ez dutela "sinbologia faxista ezabatzea lortzen". "Biek mantentzen dute eraikina", gaineratu dute.
Iruñeko Udalak prozesu "parte-hartzaile" bat jarri zuen martxan, Erorien Monumentua eraberritzeko proiektu-proposamenak jasotzeko. Elkarte memorialistek hainbatetan salatu dute, ordea, monumentu frankista eraldatzeak bere horretan mantentzen duela oroigarri frankistaren "genesia". Eta hori erakutsi dute, hain zuzen ere, lehiaketaren premisek eta Joseba Asiron alkateak gidatutako epaimahaiaren erabakiak: azkenera iritsi diren bi proposamenek mantendu egiten dute eraikina, osorik, kupula barne. Elkarte memorialistetako kideek gogorarazi dutenez, baina, "eraikin osoa da sinbolo faxista bat".
Eta ez proiektuak bakarrik: aipatutako kolektiboek salatu dute lehiaketa bera ere "paripe" bat izan dela: "Ez da parte-hartzerik izan lehen, eta orain ez da onartzen eraikinaren eraispena defendatzea; aitzitik, epaimahaiak onartutako bi proiektuei buruz soilik eman daiteke iritzia". Horiek horrela, berriz leporatu diete EH Bilduri, PSNri eta Geroa Bairi "eraikinaren irudi nazionalkatolikoa makillatzen saiatzea", eta defendatu dute monumentu faxista erabat botatzea dela aterabide bakarra.