AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Elkarretaratzea egin dute Irungo Brioche-Pasquier enpresako langileek
Aurrera doa Irungo lantegia ixteko prozedura, eta borrokan dihardute beharginek. Atzo San Juan plazan elkartu ziren, kaleratzeak zein lekualdaketak salatzeko.
2021eko ekainaren 21
Elkarretaratzea egin dute Irungo Brioche-Pasquier enpresako langileek

Atzo, igandea, Irungo (Gipuzkoa) Brioche-Pasquier lantegiko dozenaka langile elkartu ziren herriko San Juan plazan, aurrera baitoa ixte prozedura. Sindikatuen esanetan, prozesua "gardentasunik gabe" egiten ari da enpresako zuzendaritza; izan ere, beharginekin banan-banan ari dira negoziazioak egiten, eta horrek haien zaurgarritasun egoera areagotu besterik ez duela egiten salatu dute langileek. "Borondatezko" kaleratzeak lortzea nahiz lekualdatuko dituzten langileen lan-baldintzak okerragotzea bilatzen du zuzendaritzak, gaitzetsi dutenez.

160 langile baino gehiago dira Brioche-Pasquierren Irungo lantokian, eta 2019an jakinarazi zuten ixteko erabakia hartu zuela enpresak.