Urriaren 9tik 12ra bitartean izango da hurrengo Gazte Topagune Sozialista, Elizondon (Nafarroa). Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistaren (IAS) ekimenaren seigarren edizioa izango da honakoa, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, "egitarau zabal eta parte-hartzailea" prestatzen ari dira udazkenerako. Laster emango dute xehetasunen berri sare sozialen bidez.
Dagoena onartu ala borrokara batu leloa jarri diote aurtengo edizioari. "Ingurura begiratuta faxismoaren gorakada, antifaxismoaren kriminalizazioa, eskubide politikoen atzerakada, ideia matxisten hedatzea eta gazteriaren bizimodu prekarioa ikus daitezke", bi antolakundeek seinalatu dutenez, eta ohartarazi dute "hori guztia enpresariek eta agintariek inposatutako egunerokoa" dela. Hala ere, aldarrikatu dute "gazte langileak ez gaudela dagoena onartzeko prest", eta horregatik, "sozialismoaren aldeko borrokara batzeko" dei bat ere izango da aurtengo Topagunea.
2024ko udazkenean izan zen azkeneko Gazte Topagune Sozialista, Altsasun (Nafarroa), eta 3.000 gazte baino gehiago bildu ziren bertan.
