AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Elizak Donostiako gazte bat bota nahi du 60 urtez bere familiarena izandako etxetik
Eliza 2024tik ari da etxegabetzea gauzatu nahian, eta Donostiako Elizbarrutiko arduradunak ez dira aterabide bat bilatzeko eseri ere egin, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez. "2020tik hainbat jabetza hotel edo etxebizitza turistikoak eraikitzeko saldu edo alokairura bideratu ditu Elizak", gaineratu du. Auzo-batzar bat antolatu dute ekainaren 5erako, eta hiri-eredu kapitalistaren aurkako manifestazio bat 27rako.
2026eko maiatzaren 25 - 11:56
Elizak Donostiako gazte bat bota nahi du 60 urtez bere familiarena izandako etxetik

Duela urtebete inguru etxegabetu nahi zuen Donostiako (Gipuzkoa) Elizbarrutiak Alde Zaharreko gazte bat, baina ez zituen bete kontratuan jasotzen ziren nondik norakoak, eta ezin izan zuen. Horrexegatik atzeratu zen desalojoa urtebetez, gaurkoan Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez. Etxegabetu nahi zutela jakin zuenetik, gazteak eta sindikatuak erabakiaren arduradunekin esertzeko eta aterabide bat bilatzeko borondatea erakutsi diote Elizari, baina hark ez du hitz egiteko asmorik erakutsi: desalojoa gauzatzeko borondatea eta horretarako arrazoiak berretsi ditu behin eta berriro. Azken hilabete honetan, lehen aldiz hitz egin ahal izan dute aurrez aurre Elizak kontratatutako abokatu batekin, baina Elizako arduradunen mezua helarazi baino ez du egin hark. "Irtenbide guztiei ateak itxi dizkiete", salatu dute sindikatutik.

Eliza eta negozioa, ezer berririk ez

Gaurko prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, ez da Elizak bere irabaziak lehenesten dituen lehen aldia. 2020tik hona, bere jabetzako eraikinak salgai edo alokairuan jarri ditu Elizak Donostian, eta hotel edo etxebizitza turistikoak eraiki dituzte horietan. Groseko Zabaleta kalean zegoen Gotzaindegiaren egoitza, adibidez, Leonardo Boutique Hotela da orain; Artzai Ona Katedralaren ondoko Elizbarrutiaren etxebizitzak zeuden tokian Villa Katalina Hotela dago gaur egun; San Martin komentua Zenit luxuzko hotela bihurtu dute; San Bartoleko komentua eta eskola zena Catalonia luxuzko hotela da orain. Jabetza horiei guztiei esker, gutxienez 50 milioi irabazi ditu Elizak Gipuzkoako hiriburuan.

Eta ez dira eraikuntza bakarrak, sindikatuaren esanetan: une honetan, Salestarren komentuan Tayko Hotela eraikitzen ari dira, komunikabideen arabera orain arteko luxuzkoena izango dena. Aste honetan bertan, gainera, iragarri dute luxuzko beste hotel bat egingo dutela Grosen, Mariaren Bihotza izandako tokian.

Donostiako Udalaren rola etxebizitzaren eta turismoaren negozioan 

Sindikatuak gogorarazi duenez, Donostiako Udalak (EAJ) zenbait neurri proposatzen ditu (tasa turistikoa, pisu turistikoen erregulazioa, gune saturatuen izendapena...), eta "irtenbide gisa saltzen du turismoaren negozioa erregulatzea"; "bitartean, ordea, enpresarien edo errentatzaileen irabaziak handitzeko baldintzak ezartzen dituzte".

Jon Insausti alkateak gidatutako Donostiako Udalbatzak 2026ko urtarrilean zehaztu zuen, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO), ezeztatu egingo zutela hiriko gune saturatuetan hotel gehiago egitea. Hala ere, aste honetan bertan eman dute luxuzko beste hotel baten eraikuntzaren berri, "baimen kontuak eta epe burokratikoei lotutakoak" argudiatuta. Finean, gutxi batzuen interesak bermatzen direla salatu dute gaurko agerraldian, "etxejabeek edo enpresariek hiri-eredua diseinatzen" dutela eta "politikariek hura aplikatzen" dutela gaitzetsiz.

Txanponaren beste aldea: langile-klasearen kanporatzea eta pobretzea 

"Txanponaren beste aldean, langile-klasearen kanporatzea eta pobretzea dago", sindikatuaren arabera. "Etxebizitzaren eta turismoaren negozioak auzoan eragin zuzena du. Gero eta gehiago dira turismora bideratutako establezimenduak, eta etxegabetzeak gora doaz, batzuk etxejabeek zuzenean kaleratuta eta beste batzuk zeharka etxebizitzen prezioen gorakadari aurre egin ezinda", seinalatu dute. Gogora ekarri dute, esaterako, Alde Zaharrean metro karratuaren prezioa %45 igo dela azken urteetan (Idealista higiezin-atariko datuen arabera), eta "kaltetuenak langile-sektore zaurgarrienak" izango direla uste du sindikatuak.

Etxegabetze guztien aurka egiteko deia 

Etxe-kaleratze guztiak eten ditzatela exijitu dute prentsaurrekoan bildu diren auzokideek eta sindikatuko kideek, Elizak burutu nahi duen etxegabetzetik hasita. Horretarako, hurrengo asteetan zehar egingo diren ekimenetan parte hartzera deitu dute; batetik etxegabetzearen harira ekainaren 5ean egingo den auzo-batzarrera, eta bestetik, "gehiengoaren kontura aberasten direnen hiri-eredu kapitalistaren aurka" egingo den mobilizaziora. Ekainaren 27an izango da manifestazioa, 12:00etan Bulebarretik hasita.