AKTUALITATEA / Politika instituzionala
Elikagaien Bankuaren Basauriko egoitzara bertaratuko da gaur Sofia erregina ohia
"Ekimen horiek instituzio burgesen eta beraien agintarien aurpegi zuriketarako baino ez dute balio", salatu du Hego Uribeko GKSk.
2026eko otsailaren 10
Elikagaien Bankuaren Basauriko egoitzara bertaratuko da gaur Sofia erregina ohia
— ARGAZKIA heraldo.es

Sofia erregina ohia da Espainiako Elikagaien Bankuen Federazioko (FESBAL) "ohorezko" presidentea, eta horren harira, Basaurin (Bizkaia) izango da gaur eguerdian: bisita instituzional bat egingo du Elikagaien Bankuaren egoitzan, Cervantes kaleko 49. zenbakian. El Correo-k jaso duenez, instalazioak ikusi eta bankuko arduradunekin bilduko da Sofia. Badirudi, gainera, bertan egongo direla hainbat erakunde publikotako eta FESBALeko ordezkariak ere, zehastasunik egin ez duten arren.

Erregina ohiaren bisita gaitzetsi du Hego Uribeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), familia monarkikoa "urte luzez diktadura militarrez gobernatu zuten horien oinordekoa" dela gogoraraziz. "78ko erregimenaren ezarpena frankismoaren egitura ekonomiko eta aginte-egituren jarraipena besterik ez da, burgesiaren dominazioarekin jarraitzeko forma politikoaren egonkortzea, alegia", gaineratu du GKSk: "Gaur-gaurkoz, Espainiako Estatuko sektore erreakzionario eta faxisten sinbolo izaten jarraitzen du Borboi familiak".

Gaur Basaurin izango denaren moduko ekimen instituzionalak, hala, "instituzio burgesen eta beraien agintarien aurpegi zuriketarako baino ez dute balio", antolakundearen esanetan, eta beharrezkotzat jo du "gazte langileok independentzia politikoan oinarritutako haustura politikoan sakontzen jarraitzea".