Berangoko (Bizkaia) auzipetuen kontrako epaiketak badu data jada: ekainaren 8tik 26ra bitartean egingo diete epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hamasei lagun daude jopuntuan, 36 urtetik gorako espetxe-zigorrak, 171 urteko inhabilitazioa eta ia 76.000 euroko isunak eskatzen baitituzte haien aurka.
2022ko martxoan Ibai Aginaga preso politikoari egindako ongietorrian parte hartzeagatik auzipetu zituen hamasei berangar Auzitegi Nazionalak: zehazki, "terrorismoari gorazarre" egitea egotzi zien horregatik. Dena den, prozesu judizialaren nondik norakoak xeheago azaltzeko, agerraldi bat egingo dute auzipetuek igande honetan, otsailaren 22an. Eguerdiko 12:30ean izango da prentsaurrekoa, Berangoko Gudarien Enparantzan.