AKTUALITATEA / Euskal herriko ikasle antolakunde sozialista
Ekainaren 2an eta 3an, Selektibitatearen aurka mobilizatuko da IAS
"Selektibitatea filtro sozialerako tresna da, lehiakortasunean eta indibidualismoan hezten gaituena eta gure etorkizuna baldintzatzen duena", salatu du. Iruñean, Gasteizen eta Donostian egingo ditu protestak ekainaren 2an, eta Leioan eta Eibarren ekainaren 3an, 'Seleri sua!' lelopean.
2026eko maiatzaren 7 - 08:46
Ekainaren 2an eta 3an, Selektibitatearen aurka mobilizatuko da IAS

"Selektibitateko proba trantsizio-garai bat bizitzen ari da, 2028ra arte luzatuko dena, eredu berria guztiz ezarri arte. Horrekin datozen aldaketak oharkabean pasatzea lortu nahi dute, batetik, eta bestetik, sortu daitekeen haserre edo ezinegon kolektiboa neutralizatzea, ikasleria desmobilizatuz", salatu du Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS). Izan ere, ikasturtea bukatzen ari da eta gainean dira Selektibitateko azterketak, baita Baxoa ere. IASek gogorarazi duenez, asko dira Selektibitateko aldaketen "albo-kalteak" jasan behar dituzten ikasleak: "Aukerak murriztu dizkigute, aurten eduki gehiago memorizatu behar dugularik; ariketen zailtasun-maila igo da denbora berdina mantenduz, eta presio berdina dugu, baina ziurgabetasun handiagoarekin". 

Berritasunak berritasun, eta "azterketa-eredua aldatzen" ari diren arren, "Selektibitateak beti bete izan duen funtzioa betetzen jarraitzen" duela azaldu du IASek. Eta hiru ideia markatu ditu horri lotuta. Lehenik, unibertsitaterako sarbide-proba "filtro sozialerako tresna" bat dela adierazi du eta ez direla kontuan hartzen "ikasketak aurrera ateratzeko zailtasunak dituzten ikasleak". Bigarrenik, hautaketa-prozesuak ikasleak "lehiakortasunean eta indibidualismoan hezten" dituela seinalatu du. Eta, hirugarrenik, kritikatu du "etorkizun akademikoa froga bakar batek baldintzatzeak eta horrek sortzen duen presioak, ikasleen artean urduritasuna, estresa eta ezinegona sortzen " dituela, gazteen osasun mentalaren kalterako.

Unean uneko ikasle-mugimenduak Selektibitatearen eta Baxoaren aurka egindako borroka aldarrikatu du hala IASek: "Froga honek izen bat edo beste hartu arren, momentuan momentu kapitalismoak dituen beharrak mantetzeko bitarteko bat gehiago izan da, lan-esku merkea sortzeko unibertsitaterako sarbidea filtro honen bitartez mugatu duena ikasleria hezkuntza prozesutik kanporatuz edo lan-merkatuan errazago txertatuz". Horrexegatik ohartarazi du "ereduaren aldaketa berak eta zailtasun-maila igo izanak" berekin dakarrela aipatutako guztian "sakontzea".

"Selektibitateak sustatu nahi duen indibidualismoaren aurka, ikasleon arteko elkarlana eta elkartasuna sustatu behar ditugu", defendatu du ikasle-antolakundeak. Horiek horrela, aurten ere apunte-bankua jarriko du martxan, baita doako klase partikularrak ere, hainbat lekutan. Bestalde, ekainaren 2an eta 3an mobilizazioak egingo ditu Selektibitatearen aurka, Seleri sua! lelotzat hartuta. Gasteizen (10:30ean Elurreta aurrean), Donostian (10:30ean Ibaetako Liburutegi aurrean) eta Iruñean (11:15ean NUPeko Liburutegi Plazan) izango dira protestak ekainaren 2an; eta hurrengo egunean, ekainaren 3an, Leioan (10:30ean Mikel Laboan) eta Eibarren (10:30ean Ingeniaritza Eskolan) mobilizatuko dira ikasleak.