AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Ekainaren 21ean ebatziko ditu Espainiako Auzitegi Gorenak San Ferminetako bortxaketaren auziko helegiteak
Nafarroako Auzitegi Gorenak 2018. urteko azaroan jakinarazi zuen 'La Manada' auziko epaia: bederatzi urteko espetxe-zigorra bortxatzaile bakoitzarentzat. Alde guztiek aurkeztu zituzten helegiteak, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ekainaren 21ean ebatziko ditu.
2019eko maiatzaren 7
Ekainaren 21ean ebatziko ditu Espainiako Auzitegi Gorenak San Ferminetako bortxaketaren auziko helegiteak

2016. urteko San Fermin jaietan, gizon talde batek bortxatu egin zuela salatu zuen 18 urteko emakume batek, Iruñean (Nafarroa). Nafarroako Auzitegi Gorenak 2018. urteko azaroan ebatzi zuen La Manada delako auziaren epaia, eta bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zien bost bortxatzaileei, "sexu abusua" egotzita. Nafarroako Lurralde Auzitegiak erabaki zuen epaia, eta gero, Nafarroako Auzitegi Gorenak berretsi zuen.

Alde guztiek aurkeztu zituzten ebazpenaren aurkako helegiteak; hain zuzen, salaketa jarri zuen emakumeak, fiskaltzak, bost bortxatzaileen defentsa abokatuek eta herri akusazio modura ari diren Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak.

Espainiako Auzitegi Goreneko bigarren epaimahaiak iragarri duenez, ekainaren 21ean ebatziko ditu aurkeztu dituzten helegiteak. Erabaki horretan, Francisco Monterde, Ana Ferrer, Vicente Magro eta Susana Polo magistratuek parte hartuko dute. Andres Martinez Arrieta izango da epaimahaiko presidentea.

Helegitea jarrita, bost erasotzaileei egotzitako delituen kalifikatzea aldatzeko galdegin du fiskaltzak, hau da, sexu abusuengatik beharrean, auziperatuak sexu erasoengatik zigortzeko eskaera egin du. Hala, erasotzaile bakoitzarentzat hemezortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du, zeinak behin-behinean aske dauden egun. Epai irmoa izan arte hauek ez espetxeratzea erabaki zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak, herri akusazioen, fiskaltzaren eta akusazio partikularraren eskaerak baztertuta.