AKTUALITATEA / Uib
Ehunka lagun bildu dira gaur Gasteizen, 12.2 artikulua aldatzea exijitzeko
Unibertsitateko Indar Batasunaren eskutik, ehunka lagunek mobilizazioa egin dute gaur Gasteizko campusean, 12.2 artikulua aldatzea eskatzeko. UIBko kideen esanetan, "ikasleek argi utzi dute indarrak batzeko nahikoa gaitasun dutela". Hala, helburua "12.2 artikulua hurrengo ikasturtean ez aplikatzea" dela diote.
2019eko apirilaren 11
Ehunka lagun bildu dira gaur Gasteizen, 12.2 artikulua aldatzea exijitzeko

Euripean egin dute gaur ehunka ikaslek mobilizazio nazionala Gasteizko campusean (Araba). Eguerdiko 13:00etan hasi da manifestazioa, 12.2 aldatu. Erabakia edonoiz lelopean. Oihu artean zeharkatu dute campusa manifestariek, gaur gaurkoz indarrean dagoen 12.2 artikulua aldatzea eskatuz.

Orduerdi inguru iraun du mobilizazioak, eta indar polizialez inguratuta egin dute ibilbide guztia. Campuseko Errektoreordetza parean amaitu da, eta bertan irakurri du oharra UIBko kide batek. Adierazi du 12.2 artikuluak "zuzen-zuzenean ikasleon aurka" egiten duela, eta horrenbestez, "parte hartze politiko azpiratuak dituztenen baldintzak hobetzeko ariketa" jarri dutela martxan, UIBk "beharrezkotzat" jo duena.

7.500 sinadura

UIBk abiatutako sinadura bilketan, 7.500 ikaslek egin dute bat artikulua aldatzeko EHUko Errektoretzari egindako eskaerarekin. Organo hori jo dute "erantzule nagusitzat". Hala ere, ikasleen iniziatibaren aurrean, EHUk "entzungor" egin duela salatu du UIBk: "Araua aldatzeko inolako interesik ez dutela adierazi dute, eta beraz, ez dute beren partetik inolako saiakerarik egingo".

Egoerari aurre egiteko, UIBren leloak dioen bezala, "Indarrak batuz, gaitasunak biderkatu" egingo dituztela diote, eta 12.2 artikulua aldatu bitartean, lanean jarraituko dutela iragarri dute.