AKTUALITATEA / Politika instituzionala
EAJ eta Tubos Reunidos ere seinalatu dituzte PSOEren ustelkeria kasuen informazioetan
Aldi berean, jeltzaleek hauteskundeak aurreratzeko eskatu diote Sanchezi, ustelkerian izan duten parte-hartze posiblea argitu gabe. Ikertzen ari dira ea EAJk bitartekari-lanak egin zituen Tubos Reunidosek dirutza bat modu ustelean jaso zezan.
2026eko ekainaren 12 - 08:56
EAJ eta Tubos Reunidos ere seinalatu dituzte PSOEren ustelkeria kasuen informazioetan
— ARGAZKIA Ricardo Rubio/EP

Guardia Zibileko UCO unitateak aurreko astean egin zituen miaketak Tubos Reunidosen hainbat bulegotan, Leire Diezen auziari buruzko ikerketaren barruan. Izan ere, ikerketapean dago euskal enpresa horrek pandemia-garaian Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatearen (SEPI) aldetik jasotako dirulaguntza erraldoi bat: baliteke Tubos Reunidosek 112,8 milioi euroko finantziazioa modu irregularrean eta ustelean jaso izana.

Argitaratutako informazioen arabera, SEPIk 2021ean onartu zuen Tubos Reunidosi dirulaguntza hori ematea, eta posible da PSOEko kide ohi Leire Diezek eta Santos Cerdanek esku hartu izana horretan, finantzaketa-mugimendu hori ahalbidetzeko hain zuzen ere. Hipotesiek diotenez, diru-kantitate bat kobratu zuten tramite horregatik. Hala ere, PSOE ez da ustelkeria kasu horretan agerian geratu den alderdi politiko bakarra: EAJ ere tartean legoke, eta ikertzen ari dira ea jeltzaleren batek bitartekari-lanak egin zituen Tubos Reunidosek erreskate publiko hori kobratu zezan.

PSOEri lotutako ustelkeriari buruz izan diren azken berriekin, Espainiako Gobernua sostengatzen duten talde politikoek hartu dute hitza. EH Bildu leial mantendu da, eta hauteskundeak aurreratzearen kontra agertu da Mertxe Aizpurua bozeramailea; EAJk, kontrara, hauteskundeak aurreratu daitezela eskatu du, nahiz eta PSOEren eta jeltzaleen interesen nolabaiteko konfluentzia bat iradokitzen duten ustelkeria kasuen inguruko hipotesiek. Dena den, EAJk Kongresuan duen eledunak, Maribel Vaquerok, pauso bat eman dezala eta bozetara deitu dezala exijitu dio Sanchezi, gobernuak legeak onartzeko dituen zailtasunak eta ustelkeriari buruzko polemikak argudiatuta, besteak beste.