AKTUALITATEA / Soldata sistema
Dorren 67 langile kaleratzeko asmotan jarraitzen du Mtorresek
Enplegu-erregulazio espedientea aurkeztu zuen aeronautika enpresak. Langileek martxa bat egin zuten atzo.
2021eko martxoaren 10
Dorren 67 langile kaleratzeko asmotan jarraitzen du Mtorresek

Enplegu-erregulazio espediente baten bidez, 164 langile kaleratzeko asmoa agertu zuen Mtorres aeronautika enpresak, otsailean. Horietatik, 89 kaleratze Dorreko (Elortzibar, Nafarroa) lantegian egin asmo zituela jakinarazi zuen. Aurreikusitako kopurua jaitsi arren, kaleratzeak gauzatzeko asmoarekin jarraitzen du zuzendaritzak. Martxoaren 2an egindako proposamenaren arabera, 67 behargin kanporatuko lituzkete Nafarroako plantatik. Enpresaren asmoa litzateke, hain zuzen, martxoaren 15etik abenduaren 31ra bitartean ezartzea erregulazio espediente hori.

Atzo arratsaldean, langileek martxa bat egin zuten Dorreko lantegitik Noaingo (Nafarroa) udalera, enplegu-erregulazio espedientearen aurka.

CCOO sindikatuak du gehiengoa Nafarroako plantan, eta langile batzordeko presidenteak adierazi du "akordioa posible" dela, eta "kaleratzeak borondatezko irteerekin edo aurretiko erretiroekin ordezkatzeko lan egingo" dutela.