AKTUALITATEA / Errepresioa
Donostiako Udaltzaingoa 2026an hasiko da taser pistolak erabiltzen
Bost pistola elektriko izango dituzte udaltzainek, bat txanda bakoitzeko. Gero eta gehiago dira arma hori eskuratzen ari diren polizia-indarrak.
2025eko abenduaren 18
Donostiako Udaltzaingoa 2026an hasiko da taser pistolak erabiltzen
— ARGAZKIA Jon Urbe/Foku

Hainbat hedabidek urrian jakinarazi zuten Donostiako (Gipuzkoa) udaltzainak ere taser pistolekin armatuko zituztela, 2025ko aurrekontuetan jasota geratu zenez. EITBk atzo zehaztu zuen 2026tik aurrera izango duela arma hori Donostiako Udaltzaingoak, udaleko iturriek ziurtatu dutenaren arabera.

Donostiako Gobernu Batzordeak bere azken bileran onartu du, momentuz, bost pistola elektriko erostea udaltzainentzat. Beraz, arma horietako bat izango dute txanda bakoitzeko. Badirudi, gainera, udaltzaingoko bost agente ari direla jasotzen pistola horiek erabiltzeko prestakuntza.

Kazeta honek urrian gogorarazi zuenez, gero eta udal gehiagotan ari dira euren udaltzaingoak taser pistolekin armatzen. Gasteizen (Araba), adibidez, gobernuak dio arma horiek erosiko dituela "dirua duenean". Bizkaian pistola elektrikoak dituzte jada Basauriko, Santurtziko eta Sestaoko udaltzainek, eta bide bera jarraituko dute Barakaldon, Durangon eta Trapagaranen. Nafarroan ere asko dira arma hori eskuratu duten udalak: Azagra, Azkoien, Balterra, Cascante, Corella, Faltzes, Funes, Iruñea, San Adrian eta Zentroniko, hala nola.